Transgenikoak, transzendentalak?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko urt. 16a, 12:30

Sarritan zientzia-komunitatearen kontsentsua eta gizarte orokorraren iritzia ez datoz bat. Zenbaitetan, gainera, bi iritziak guztiz kontrajarrita egon ohi dira. Gaurkoan gai horietako bat izango dut hizpide: genetikoki eraldatutako organismoen erabilpena, hain zuzen ere.

Organismo transgenikoak, nahiago baduzue. Noizbait pentsatu al duzu zergatik zauden elikagai transgenikoen aurka? Argudio arrazoiturik emango al zenidake, ene irakurle?

Ameriketako Estatu Batuetan egindako zientzia-gaiei buruzko galdeketa baten arabera, elikagai transgenikoen arloan dago zientzialarion eta publiko orokorraren arteko iritzi-desberdintasunik handiena. Genetikoki eraldatutako elikagaiak jatea segurua den edo ez galdetuta, zientzialarien %88k baiezkoa erantzuten du, seguruak direla, baina, publikoaren %37k bakarrik esaten du baietz. Inkestaren galdera guztietatik, horixe da bi taldeen arteko desadostasun handiena sortzen duen galdera (%51ko aldea).

Argi dago zientzialariok zerbait gaizki egin dugula ingeniaritza genetikoak eskaintzen dituen abantailak eta desabantailak azaltzean. Teknologia horrek etorkizunerako aukera berriak eskaintzen dizkigu: batzuk onak eta beste batzuk txarrak. Edonola ere, oraindaino ez dago ikerketa bakar bat ere organismo transgenikoak, transgeniko izateagatik, osasunarentzat kaltegarriak direla adierazten duenik.

Erabilpen jakin bakoitzaren arabera esan beharko genuke gizartearentzat onuragarria den edo ez, etikoa den edo ez. Transgeniko mota guztien aurka (nolabait, teknologia horren beraren aurka) daudela baieztatzen dutenek ezer gutxi jakin ohi dute genetikari buruz eta nekez izaten dira gai argudio zientifikoak emateko.

Adibide batzuk emate aldera: egun, diabetikoek injektatzen duten intsulina lortzeko bakterio transgenikoak erabiltzen dira, intsulina ekoizteko giza-geneak dituztenak. Horri esker saihestu dira txerri jatorriko intsulinak eragiten zuen errefusa. Beste kasu bat: Afrikan eta Asia hegoaldean arroza da dietaren atal garrantzitsua (sarri askotan, bakarra) eta horrek ez du A bitamina nahikoa ematen. Genetikoki eraldatutako urre-koloreko arrozak A bitamina gehiago ematen du eta Hirugarren Munduko 100 milioi umek pairatzen duten gabezia horri irtenbidea ematen lagun dezake. Golden rice delakoaren kasuak eztabaida asko eragin ditu azken urteotan.

Gaixotasunak kutsatzeko gai ez diren eltxo transgenikoena ere gai interesgarria da, oso. Esate baterako, une honetan Brasilen denge arazo larria dago (2015ean %70 igo da gaixotsun horrek eragindako hildakoen kopurua). Oraingoz esperimentu mugatuak izan badira ere, dengea kutsatzeko gai ez diren eltxo transgenikoak askatu dituzte zenbait tokitan eta emaitza oso arrakastatsuak lortu dituzte. Malaria kutsatzeko gai ez diren eltxo transgenikoak ere ikertzen ari dira, eta urtean 400.000-750.000 hildako eragiten dituen gaixotasuna arintzeko bidea izan daiteke.

Zalantza etikoak ez dira gutxi: gizakiok egindako organismo transgenikoak ekosisteman sartzea zilegi al da? Ohiko argudioa izaten da aurre ikuspen printzipioa aipatzea, alegia, ondorio ezezagunak izan ditzakeen teknologia baten aurrean, horren aurka egotea edo erabili nahi ez izatea. Aurre ikuspen printzipioak tranpa dauka, ordea. Alde batetik, zerbait guztiz segurua dela zientifikoki frogatzea (ia) ezinezkoa da (Russell-en teontziaren analogia) eta, bestetik, aurre ikuspen printzipioak ez ditu kontuan hartzen onura potentzialak.

Beraz, berriro diot, ingeniaritza genetikoa teknologia bat da, tresna berriak eskaintzen dizkiguna. Kasuan-kasu aztertu behar dira abantailak eta arriskuak.

Tira, ziur nago adibide interesatuak jarri ditudala aurpegiratuko didazuela, baina, esan dudan bezala, transgenikoen teknologiak aplikazio onak eta txarrak ditu. Onak direnak, zergatik ez?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!