Aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Villabona 2024ko api. 9a, 20:54

Agur eta Ohore, Ardanza Lehendakaria.

Jose Antonio Ardanza Garro, Euskadik urte gehien izan duen lehendakaria, atzo zendu zen. Haren oroimenez Beatriz Unzueri, Amasa-Villabonako alkateari, eskatu diogu Amasa-Villabonako udaletxean ikurrina haga erdira jartzeko. Kostatu zaio erantzutea, baina azkenean, Villabonako udaletxeak bere fatxadan ez daukala ikurrinik erantzun digu; edukiko balu jarriko luketela erantsiz.

Ebidentziek ez dute azalpen askorik behar, eta guztiz begi bistakoa da Amasa-Villabonako alkateak eta bere alderdi politikoak, EH Bilduk, ez diotela Jose Antonio Ardanzari inolako omenaldirik egin nahi. Hori horrela adierazi beharrean, ordea, gezurra esatera jo du. Zer, Amasa-Villabonako udaletxeak bai baititu ikurrina eta ikurrina jartzeko mastak.

Eta guk zera galdetzen diogu geure buruari: hau al da EH Bildu agintzen ari den aldaketa? Bizikidetzari muzin eginez, Euskadiko hiritar guztion ordezkariaren -gehienon ordezkaritza izan zuena, gainera- omenez ikurrina haga erdira jarri ez, eta ez jartzeko gezurrezko aitzakia bilatu?

Abertzale askorentzat tristea den egun honetan argi gelditu da beste behin, EH Bilduren aldaketa estilismoari mugatzen zaiola. Ez baitute besteei egitea eskatzen dietena egiten, ez baitiete herrietako arazoei aurre egiten eta ez baitiote herri honi min handia ekarri dion garai luze bati agur esan nahi.

Amasa-Villabonako EAJ taldeak bai omendu du Jose Antonio Ardanza Garro. Esker onez, gure leihoan jarri dugu ikurrina, mastarik ez, ordea, eta xingola beltzarekin. Agur eta Ohore, Ardanza Lehendakaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!