EAJren ustez Villabonako uholde arazoak konpontzeko udalak «propaganda gutxiago egin eta gehiago busti beharko du»

Udalak propaganda gutxiago egin eta gehiago busti beharko du, arazoa benetan konpondu nahi badu.

Pozez hartzen ditugu Ura agentziak udalean erregistratu dituen txostenaren edukiak eta herri honekin berriro ere erakusten dituen konpromisoak. «Berriro» diogu, 2015ean amaitu zituztelako horren luzeak eta konplexuak izan ziren lanak, Zubimusuko zubiaren sekzio hidraulikoa handitzea posible eginez. Zubi hau zen Oria ibaiak herrian topatzen zuen oztopo nagusia, eta ezin ditugu ahaztu arkitektura ondare honetan lan egiteko sortu ziren trabak. Ez hori bakarrik, Ura agentziak ibaiaren sekzioa zabaltzeko lanak aurrera eraman zituen, horma bertikal berria eraikiz.

Lan horiek guztiak amaitu ondoren, emaitza ezin izan da hobea izan. Herrigune osoan zabaltzen den uholde edo uholde arrisku orbana nabarmen murriztu da hari esker. T100 errepikatze aldian egotetik T500 eremuan egotera igaro da herriaren zati nagusi bat.

Tamalez, Ura agentziak berriro ere aipatzen digu, ez dela «zero arriskurik» existitzen. Ur goraldi handiak gertatzen jarraituko dutela, Amasa-Villabonako herriak nahitaez jarraitu beharko duelako Oria ibaiarekin hartu-emanean. Hirigintza eta hidrologiaren arteko elkarbizitza nabarmen hobetu du eginiko lanak, Ura agentziak posible egin duenak, ibaiarena zen eremu hori berriro ere ibaiari itzulita. Aldiz, aldaketa klimatikoa hizpide dugun garai hauetan, muturreko fenomeno metereologikoak –uholdeak eta euriteak– geroz eta maizago eta indartsuagoak izango dira. Beraz, berriro ere errepikatuko dira aurtengoak bezalako gertakariak.

Ura agentziak bere txostenean dio arazoak konponbide zaila duela, ur laminaren kota Kale Berriko mailaren gainetik baitago. Dena den, prestutasuna adierazi dute, azterlan bat aurrera eramateko, eta eremu horretan 1,2 metroko itxitura-horma bat egitea aztertzeko. Hala izan bedi!

Dena den, Amasa-Villabonako Udalak baditu egitekoak. Alkatea beste inor baino lehenago atera da komunikabideetan besteei etxeko lanak burutzeko eskatuz. Lehenik medioetan, eta gero karta bidez, formalki. Normalean alderantziz behar luke. Begira gauzak zer diren, agentziara karta modu formalean iritsi baino lehenago, komunikabideen bidez interpelatu zuen alkateak Ura agentziako zuzendaria eta honek berehala dei egin zion telefonoz, egun batzuen buruan udalean bertan hitzordua egitea proposatuz.

Erakundeen arteko instituzioak honelakoxea behar luke izan: komunikazio zuzena, telefonoz ala idatziz, ez inoiz komunikabideetan, propaganda eginez. Eta errealitateak agerian utzi du beste behi ere nola egin behar den lana. Ura agentzia etxeko lanak eginda etorri da Amasa-Villabonara, txosten batekin eta lanerako konpromiso argiarekin. Bitartean, udalak badu zereginik. Besteak beste, udal sarearen azterketa egin beharra daukagu, baztertu ahal izateko udal hoditeriak gainezka egiten ote duen. Izan ere, hala balitz, alferrikakoa izango baita eustorma berria egitea. Gune honetan ditugun udal azpiegituren egoera eta haien funtzionamendua ezagutzea garrantzitsua bainoago funtsezkoa da.

Ez hori bakarrik, Ura agentziak Amasa-Villabonako Udalari bidali dio Euskadiko herri gehienekin indarrean daukan elkarlanerako hitzarmen zirriborroa. Zertarako? Ibaien inguruko errestaurazio eta garbiketa modu eraginkorrean burutu ahal izateko: espezie inbaditzaileak kendu, garbiketa lanak egi, edota hondakinen bilketa zuzenean udalak burutu ahal izateko… besteak beste. Tolosak edo Andoainek gisa honetako hitzarmenak indarrean dituzte. Ea Amasa-Villabonak noiz. Udalak propaganda gutxiago egin eta gehiago busti beharko du, arazoa benetan konpondu nahi badu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!