'Hygge' eta Mastercard

Lagun berezi batentzat opari bila nenbinela topo egin nuen lehen aldiz hygge hitzarekin. Hygge-a ez da dekorazio joera bat, bizimodu bat baizik. Danimarkatik dator eta etxe eroso baten bidez ongizate emozionala bilatzean datza; horretarako, natura elementuz baliatzen dira. Etxean ondo sentitzeaz gain, hygge estiloak beste bi zutabe ditu: bizitza presarik gabe bizitzea eta besteak zaintzea. Hiru horiek omen dira barne bakearen gakoa. Interneten saltseatzen, hygge abestiak ere aurkitu nituen, playlist bat eta guzti daukate Spotify-n!

Nire lagunari hygge-bizitza izateko gidaliburua oparitu nion, CD abesti eta guzti, girotzeko eta hori dana. Tximiniaren ondoan imajinatzen nuen, liburu batez gozatzen, mendiz eta errekaz babestuta eta inguruan dituen behiak belardian larratzen.

Baina nire laguna 70 metro koadroko pisu batean bizi da. Lau dira etxean eta bi gela dituzte. Haurrak txikiak dira eta haiei irakurtzeko denbora gutxi geratzen zaio. Izan ere, lan egin ondoren, erosketak egin behar ditu, afaria eta biharamuneko bazkaria prestatu, etxea jaso, garbigailu bat eskegi (lisatzeko makina aspaldi utzi zuen)... Gauetan, oheratu aurretik, dokumentuak aztertu eta laneko kontu batzuk amaitu behar izaten ditu. Eta musikari dagokionez, Pirritx eta Porrotx entzutetik Aitana, mon amour entzutera pasa da.

Berehala konturatu gara hygge estiloa ez dagoela guretzat egina. Liburuan agertzen diren etxe guztiak familia bakarrerako zurezko etxe handiak dira, tximiniadunak, naturaren erdian. Bikote gazte eta ederrak, axolagabeak eta arratsaldea sofan pasatzeko baino pasarela baterako prestatuak. Etxe garbiak eta hozkailuak beteta. Diseinuzko erosotasuna. Mastercard bidez erosi ahal den horietakoa. Inbidia ematen duena, noski.

 

«Berehala konturatu gara 'hygge' estiloa ez dagoela guretzat egina. Liburuan agertzen diren etxe guztiak familia bakarrerako zurezko etxe handiak dira [...]. Mastercard bidez erosi ahal den horietakoa»



Baina hori ez da gure estiloa. Gurea superrera antxintxiketan joatekoa da (nire hiletan «Beti gogoan: Eroskiko kutxazainak» irakurriko da koroia batean), mugikorraren atzean itsatsitako haurren eskolaz kanpoko ekintzen agendakoa, balkoian eskegitako arropa tentearena, cowboyen pelikuletako hauts-metena, e-bankako mezuena, gaueko hamabietan piztutako ordenagailuarena, haurren matematika eta sintaxiko eskola intentsiboena (lehen hezkuntzak aurrerapen egokia egin du)... Ez, hyggea ez da guretzat. Bizimodu hau noiz aukeratu genuen gogoratu eziniko pentsamenduetan galdu egiten gara.

Eta hala ere, besteak zaintzen ditugu: tristuraz zipriztindutako egunetan lankide batez arduratzen garen bakoitzean, gurasoak gaixotzen direnean, lagunak negarrez deitzen digun bakoitzean.

Eta presarik gabe bizi gara: seme-alaben besarkada bakoitzarekin denbora eten egiten da, lagunen arteko topa bakoitzarekin, anaiaren lorpen bakoitzarekin, maitalearen begirada bakoitzarekin.

Eta ondo sentitzen gara etxean; argi guztiak itzaltzen direnean, ahots guztiak isiltzen direnean, arima guztiek amets egiten dutenean; orduan konturatzen gara basque style-n hygge asko dagoela; Mastercard-ek ordaintzerik ez duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!