Pozten naiz espainiarra ez izateaz

Atzoko egunean "Trending Topic" izan zen lauen arteko eztabaida ikusten egon nintzen, nonbait, beste milaka pertsonen moduan. Atzoko saioak hauteskundeak erabaki beharko balitu, garbi ikusten dut PPk (kasu honetan Soraya Sáenz de Santamaria andreak) irabaziko dituela.

Lauetan onena bera izan zen, irrifartsu, segurtasun handiarekin eta lotsabako egon zen. Mariano Rajoy eraman beharrean, asmatu zuten presidenteordea eramaten, izan ere, emakume honek nagusiak baino askoz gaitasun handiagoa erakutsi baitzuen. Bigarren onena, nere ustez, Pablo Iglesias izan zen. Intelektualki koska pare bat altuago dagoela nabarmen geratu zen; hala ere, eta beste hautagaiek ez bezala, hauteskundeak ez dituela irabaziko badaki, eta badakiela nabaritu egiten zaio, oposizioan egongo den politikari baten moduan adierazten baitzen.

Albert Riverak atzo puntu batzuk galdu zituen, urduri zirudien eta galdera zehatz batzuetan erdi galduta ikusten zen, inbestiduraren inguruko galderetan adibidez. Bakarkako elkarrizketetan ona izango da baina eztabaidetan hankamotz geratzen dela dirudi.

Hala ere, gaueko galtzailea Pedro Sanchez izan zen. Ikasitako diskurtsoarekin joan zen, erretorika errepikatzen zuen aldi oro eta intelektualki eta politikoki ere, ez du ematen besteak bezain prestatua dagoenik. Atzo, salduta dagoen ezkerraren irudia eman zuen, murrizketen gaiarekin izan edota erabakitzeko eskubidearen gaiarekin izan.

Alderdi gehienek garbi utzi zuten atzo, espainiar Estatuan kultura demokratiko urria dagoela oraindik ere. Estatu zentralista eta atzerakoia ordezkatzen zuten atzokoan, erabakitze eskubideari inolako zirrikiturik utzi gabe. Batzuk, lotsa handirik gabe gainera, erabakitze eskubidea inposizioa zela esan zuten. Sozialistak omen... Beste batzuk, eta betiko moduan konstituzioa aitzakitzat hartuta, euren izaera inperialista eta zanpatzailea berrerakutsi zuten. Azkenik ezkerraren banderadun gisa agertzen direnak daude, baina kontraesan izugarriak dituzte, eta alfonbra azpian era guztitako ogi-apurrak jasotzen dituztenak dira.

Pozten naiz espainiarra ez izateaz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!