Alkate on bat

Erabiltzailearen aurpegia Noelia Lataburu Ortiz 2019ko ots. 2a, 08:59

Denok gara herritar: politika gustuko dugunok; euren burua apolitiko definitzen dutenak termino hori gehiegi ulertzen ez dudan arren; politika gorroto dutenak; herriko txoko guztiak ezagutzen dituztenak; herria oraindik ondo ezagutzeko dutenak.

Auzoko dendaria, etorri berria, haurra, zaharra, heldua. Denok. Denok dugu gure sentitzen dugun herri bat. Eta denok nahi dugu, bizi garen herri hori ahalik eta ondoen zaindua izatea. Horretarako ardura izaten dute, gurean, lau urtez behin, herritarrek aukeratzen dituzten alkateek.

Alkate askok lortzen dute lan ona betetzea, agintaldian zehar. Ez denek, ordea. Eta zer behar du, bada, alkate on batek? Nik argi dut: herriaren ahotsa entzutea, ahots horrekin akordioetara iristea, eta herriarentzat hoberena dena herriarekin erabakitzea. Herria bihotzean eramatea, eta kaleko arazoen berri kalean bertan jasotzea. Gertukoa izatea. Interes guztien gainetik alderdikoak zein pertsonalak, herriaren ongizatea lehenestea. Aurkako ideiak dituztenekin akordioetara iristeko gai izatea. Ilusioa zabaltzea. Herrian erreferente izatea. Ezaugarri zaparrada, ezbairik gabe. Oso erraza izan daiteke, baina zaila suertatzen da, askotan, horrelako pertsonekin topo egitea.

Eta, orain, kanpaina egitera noa, aizue. Baina, sigletatik harago, bihotzetik egingo dut oraingoan kanpaina. Izan ere, herritar gisa eta, Irura hobea nahi duen biztanle gisa, bihotzak esaten dit, azken lau urte hauetan, nire herrian, ezaugarri horietatik urrun antzean ibili dela gure alkatea. Herri guztiaren ahotsa entzun gabe; askotan hori isilarazten; erabakiak akordiorik gabe hartzen; kalean egon gabe...

Horrexegatik, bihotzez, berriro ikusi nahiko nuke arestian aipatutako profil hori betetzen duen pertsona bat, alkatetzako bulegoko eserlekuan. Eta ezagutzen dut horretarako pertsona egokia: egunero-egunero, kalean egongo dena herritarrekin; herritarren ahotsa entzun eta errespetatuko duena; herritarren arazoak bere egingo dituena; maite duen herri baten aldeko lan nekaezina egingo duena. Bihotzetik eta bihotzez arituko dena: Gorka Murua Makuso. Aupa, Gorka! Zu izango zara Irurarentzako alkaterik onena. Bihotzez. Ez daukat zalantza izpirik. Irura maite dugunok, erraz jakingo dugu zer aukeratu, maiatzeko hauteskundeetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!