Ikaztegieta eta Sahara, bat

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mai. 8a, 07:58

Maiatzaren 18rako egun osoko egitaraua antolatu dute sahararren errealitatea gogoraraztea helburu; bazkari sahararra egingo dute, eta igandea baino lehen erosi beharko dira bertaratzeko txartelak.

Maiatzaren 18an saharar komunitatearen eguna antolatu dute Ikaztegietan bertako udalak eta Ikaztegietako saharar komunitateak. Goizetik arratsaldera solasaldia, bazkaria eta zuzeneko musika antolatu dituzte Mendebaldeko Saharako gatazka gogoraraztea eta bi herrien arteko harremana sendotzea helburu.

Eguneko lehen hitzordua 11:00etan izango da: liburuak aurkeztuko dituzte Kristina Berasain kazetariak eta Taleb Alisalem geopolitikan adituak. Ikaztegietako Udaleko erabilera anitzeko gelan egingo dute solasaldia eta euskaratik hassaniarako itzulpena egongo da. Haritz Azurmendi Ikaztegietako kultur batzordeko kidea da eta nabarmendu du «luxua» izango dela bi hizlari horiek entzuteko aukera izatea.

Hari berari tiraka, Fatimetu Zenan gazte sahararrarentzat «ohorea» da hizlari horiek bertan izatea eta gatazkaren jatorria ekarri du gogora: «Saharar auziaren inguruan ezin da hitz egin saharar ahotik ez bada; ezberdina da. Ez dugu ahaztu behar Mendebaldeko Saharako auzia ez dela gatazka humanitario bat, politikoa baizik».

Hausnarketa eta eztabaida
Solasaldiaren ondoren bazkari sahararra ere egingo dute, eta bertaratzeko beharrezkoa izango da txartelak erostea. Herriko ostatuan eskuratu daitezke eta igandea, maiatzaren 12a, izango da horretarako azken eguna.

Azurmendik aipatu du ez dela «ludikoa bakarrik» bazkariaren helburua: «Saharar komunitatea oso antolatuta dago herrian. Bazkaria aitzakia bat da hitz egiteko ea zer moduz ikusten duten herria, zer moduz dauden haiek...». Hortik harago, goizean entzundakoari buruz hitz egiteko «momentu aproposa» izango delakoan dago.

Bestalde, Zenanek azaldu du ekimenaren helburuetako bat dela aukera ematea saharar herriari euren gatazka mahai gainean jartzeko. Bide beretik, beste asmo bat bi herrietako jendearen harremana sendotzea dela ere esan du, eta gogora ekarri du Euskal Herria «gatazkaren lehen urteetatik» egon dela saharar herriarekin «bat egiten» zentzu politikoan, humanitarioan eta sozialean. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!