Mendizale eta eskalatzaile izan zen Mikel Arrastoa 'Arrastro' hil da

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 22a, 19:58

Alpino Uzturre elkarteko kidea, hainbat eskalatzaile ezagunen irakaslea izan zen. 90 urterekin hil da gaur eta bihar agurtuko dute.

Gaur zendu da Mikel Arrastoa, mendizaleen artean Arrastro bezala ezagunagoa, 90 urte zituela. Alpino Uzturre elkartean Esteban Larraioz izan zuen eskalada irakaslea eta ondoren Arrastroren ikasle izan ziren Martin Zabaleta (Everesteko gailurra lortu zuen lehen euskalduna), Takolo azpeitiarra eta Tolosaldeko mendizale asko. Patxi Berrio eta Alberto Caceresekin eskalada bide asko ireki zituen, tartean Txindokiko frontoian eta Biaizpetan.

Mendian lagunartean gatza eta piperra jartzen espeziala izan zela dio mendi elkarteak. Pirinioetako zeharkaldietan, Uliko babarrun jateetan, haurren ibilaldietan, Zazpi Iturrin eskalatzen irakasten, Guardetxean eski probak prestatzen... «Protagonista izan zen urteetan bere umore, apaltasun eta bihotz onari esker. Mendizale aparta eta eskalatzaile askoren maisua izan zen». Bihar egingo diote Ibarran hileta elizkizuna, 19:00etan.

Erlazionatuak

Irurtzungo Biaizpe igotzen lehenak

Joxemi Saizar 2014 mai 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!