Irurtzungo Biaizpe igotzen lehenak

Joxemi Saizar 2014ko mai. 25a, 19:00

Patxi Berriok eta Alberto Caceresek Haitz Nagusia eskalatu zuten eta Berriok eta Mikel Arrastoak, Haitz Txikia; mende erdia pasatu denean, berriro elkartu dira protagonistak leku berean.

Mende erdia bete da eskalada munduan igoera garrantzitsua egin zela: Irurtzungo Biaizperen pareta nagusia. Tolosako mendi giroan zebiltzan gazte donostiar batzuk izan ziren protagonistak: Patxi Berrio eta Alberto Caceres. Handik hilabete gutxira Berriok eta Mikel Arrastoa tolosarrak Haitz Txikia igo zuten. 50 urte beranduago, berriro elkartu ziren orduko protagonistak lagun batzuekin leku berean, Biaizperen ondoan, argazki zaharrak ikusi eta une haiek gogoratzeko. TOLOSALDEKO ATARIAk ere gogora ekarri nahi izan du, beraien dokumentazio eta testigantzen laguntzarekin.

Tolosatik Iruñerako bidean bada pasagune deigarria Irurtzunen, teloi modura irekitzen diren bi harkaitz erraldoi errepideen eta Larraun ibaiaren bi aldeetan. Benetako mugarri naturalak dira, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko berezko ateak, bi mota desberdineko eguraldia eta geografia bera ere bereizten dituztenak. Pasabidea zail egiten zuen naturak puntu horretan, eta lehen errepidea 1785ean eta lehen trenbidea 1914an eraiki ahal izateko lan izugarriak egin behar izan zituzten: ibaiaren gainean harresia eta tunela harkaitzean. Gaur egungo autobia egin zenean, berriro zulatu behar izan zuten harkaitza hainbat puntutan. Gaztelaniazko Dos Hermanas izena euskarazko Biaizpe hitzaren itzulpen txar batetik datorrela dirudi eta hala mantendu da gaur egun arte.

Mendeetan zehar bertatik pasatu diren bidaiarien arreta piztuko zuen dudarik gabe: militarrak (Loiolako Iñigo zaurituta, frantsesak bi alditan, karlistadetan), bisitariak (Victor Hugo idazlea, merkatariak, erromesak, artzainak, kontrabandistak, bidelapurrak…). Baita mendizale eta eskalatzaileen arreta ere. Hildako mendizaleen lehen aipamena 1919koa da. Eskalatzen, berriz, 1947an izan ziren lehenak, nafar batzuekin harremana zuten Caballe, Magriña eta Xalmet katalanak. Hauen ondoren Asiain, Bidaurreta, Carballeda eta Tapia nafarrek ere igo zuten 1948an. Baina tolosarrek beste berezitasuna erantsiko diote igoerari: bide zailagoa eta Euskal Herrian eskalatzen egindako lehen bibaka.

Protagonistak Tolosarekin harreman handia zuten bi gazte donostiar dira: Alberto Caceres (20 urte) eta Patxi Berrio (28 urte). Lagun tolosar asko zituzten (Berrio Marian Zabala tolosarrarekin ezkondu zen) eta Alpino Uzturre elkartean federatzera iritsi ziren. Tamaina honetako abenturari ez zioten ekin ordu arte. Urtebetez aritu ziren Haitz Nagusiko pareta ikusgarriena aztertzen, ekialdeko harresiko 200 metroko bide bat irekitzeko asmoz. 1964ko apirilaren 26an bi eskalatzaileek egurra ateratzeko erabiltzen zuten kable batetik zintzilik gurutzatu zuten ibaia, beraiek lonaz eta sokaz egindako eserleku batzuetan jarrita. 70 metro inguru igo zituzten lehen proba honetan, aurrekariek utzitako iltzeren bat aurkituz. Ilundu egin zuen eta itzuli egin ziren etxera, baina pentsatutako bideari itxura ona hartu zioten eta berriz ekiteko asmotan etxeratu ziren.

Hiru egun eta bi gau paretan zintzilik

1964ko maiatzaren 1a aukeratu zuten bere balentriarako, jaiari esker zubia zela aprobetxatuz. Goizeko 5:30ean abiatu ziren motorrez Donostiatik, ederki kargatuta materialez eta janariz, ilunpetan. Irurtzungo pasabidera iritsi eta egunsentiaren lehen argi printzekin abiatu ziren paretan gora. «Aurrekoan materiala utzi genuen zentral elektrikoan. Sokak elkartu eta utzitako 25 metro falta zirela konturatu ginen. Eskerrak Miguel Angel Agirre laguna zegoen gurekin eta hark utzi zigun», gogora ekarri du Caceresek. Egun osoa paretan lanean, iltzeak sartzen aritu ondoren, Euskal Herriko pareta batean egiten zen lehen bibakerako puntua aukeratu zuten, helduleku eskaseko tokia, soken gainean jarrita, enbor baten laguntzaz, modu ez oso erosoan egin zuten lo pixka bat. «Behean genuen materiala Miguel Angelek soka batean lotuta bidali zigun goraka, baina paretan eta zuhaixketan kateatzen zen eta ezin genuen igo. Goizeko ordubietan lortu genuen paketeetako bat eskuratzea eta zerbait jatea», aipatu du.

Bigarren egunean lehen lana sokak askatzea izan zen eta bederatziak aldera hasi ziren berriro goraka pixkana, eguraldi ona lagun. Ustekabe batean Berriori mailua erori zitzaion. Behean zuten lagunak beste bat bidali zien laguntza-sokaren bidez jarraitu ahal izateko. Horrela iritsi ziren zuhaitz batera, lekua batentzako bakarrik duena. Bezperakoa baino okerragoa. Nekearen ondorioz lotan gelditu ziren beraiek egindako lonazko eserlekuetan eta halako batean Caceres kolpean esnatu eta eserlekutik aterata eta hutsunean zintzilik esnatu zen, bere sokalaguna enteratu ere egin gabe, lotan zegoelako.

Hirugarren egunean lainopean esnatu ziren, «leher eginda, ia lorik egin gabe» eta eguraldi aldaketaren beldurrez presaka hasi ziren martxan, aurrerago zegoen basotxo batean atseden pixka bat hartuz. Une batean Berriori iltze bat atera eta pendulua egin zuen airean. Sustoa besterik ez. Luze batzuen ondoren gailurrera iristea lortu zuten bi gazteek bi egun t'erdiko esfortzuen ondoren, lehertuta, egarrituta, ia ezin hitz eginez. Caballe bidetik lau orduz rappel eginez jaitsi eta iluntzen ari zela lortu zuten oinarriraino iristea. Zuzenean errekara jo eta busti eta nazkatu arte ura edan zuten. Ilunduta, motoa hartu eta gustura itzuli ziren etxera. Begia beste haitzari botaz.

Esan beharra dago paretan zintzilik egon ziren hiru egunetan errepidetik pasatzen zen jendea jakin-minez gelditzen zela, trafiko problemak sortu eta Guardia Zibila etorri behar izateraino. «Jaitsi ginenean, behetik begira aritu zen batek galdetu zigun ea ordaintzen ziguten hori egiteagatik. Ezetz erantzundakoan esan zigun bera Franco balitz, ordaindu egingo ligukeela», esan du barrez donostiarrak. «Niri guardia zibilek-eta lehenbailehen jaitsiarazteko esan zidaten», zioen Marian Zabalak, Berrioren alargunak, lehen aipatutako topaketa berean.

Handik gutxira, Haitz Txikia

Urtebete beranduago, 1965ean, data berean, maiatzak 1, zubia aprobetxatuz berriro, Haitz Txikiarekin ausartu ziren bi protagonistak. Mendebaleko aurpegia aukeratu zuten igotzeko. Zezen plaza izeneko basotxoan abiatu ziren. Euria ari zuen etengabe eta blai eginda gelditu ziren. Sabai txiki batean babestu ziren. Zulo batean susto handia hartu zuten putre bat hegan atera zelako eta putrekume bat aurkitu zuen bertan Patxi Berriok. Gaua pasa eta beraiek egindako hamaka modukoan egin zuten lo, Haitz Nagusiari begira. Hurrengo egunean eguraldi txarrak jarraitu zuen. Paretan jarri behar zuten ama birjinaren irudia eta 25 iltze gordeta utzi eta jaitsiera hasi zuten.

Handik hilabetera, ekainaren 4an saiatu ziren berriro bide beretik. Putrekumea hazi egin zela ikusi zuten. Zirrikiturik gabeko plaka bat gainditzeko hiru errematxe sartu zituen Patxik. Iluntasuna eta ekaitza gainera etorri eta bibaka prestatu gabe zutela euria hasi zen. Gau petrala jasan zuten: tximistak, euria… Hurrengo egunean ama birjinaren irudia kokatu eta, neka-neka eginda, etsi egin zuten berriz.

Hilabete batzuk beranduago, 1965eko irailaren 12an, Patxi Berrio berriro saiatu zen Mikel Arrastoa lagun tolosarrarekin (Caceresek ezin zuen, lanagatik) eta ama birjina ez zegoela ikusi zuten, haizeak botata seguruenik. Zortzi ordutan lortu zuten Haitz Txikia lehen aldiz igotzea bide horretatik, Ama Birjinarena deitu zutena.

Igoera garrantzitsu hauen berri izateko, bi dokumentu oso egokiak aurki daitezke Pyrenaica aldizkarian: 80. zenbakian Patxi Berriok berak Haitz Txikian egindako igoera idatzitakoa eta 2002. urteko 206 zenbakian Antxon Iturriza kazetari ezagunak egindakoa historian zehar burututako igoerekin. Alberto Caceresek idatzitakoa ere ikus daiteke www.mendikat.net «mendizaleen biblia» den webgunean.

Garaiko beste eskalatzaileak eta igoerak

Bi eskalada handi hauek burutu ziren garaian Tolosaldean kirol honen loraldia izan zela esan daiteke. Alpino Uzturre eta Oargi mendi elkarteetan gazte ugari aritzen ziren inguruko paretetan trebatzen eta horietako batzuk proiektu garrantzitsuagoak ere burutu zituzten Pirinioetan, Europako Mendietan edo Alpeetan.

Esteban Larraiotz izan zen lehen eskalatzailea eta irakaslea. 1959an Urbian goi mendiko eskola (ENAM) eta taldea (GAM) sortu zenean, garaiko eskalatzaile onenak elkartu ziren bertan sartu nahian, tartean Alpino Uzturreko Esteban Larraiotz, Mikel Arrastoa eta Jose Sasieta tolosarrak. Haiekin ibiltzen ziren Javier Caballo Alkorta eta Zizurkilgo Blas Armendariz, Jose Arrate, Juan Ugarte, Inaxio Urruzola…

Mikel Arrastoa bera Gipuzkoan eta Euskal Herrian erreferente izan zela aipatzen zuen Antxon Bandres zenak. Bere ikasle gisa aipatzen zituen Alpino Uzturrera etorri ziren Martin Zabaleta hernaniarra, Patxi Berrio donostiarra eta Joxe Urbieta Takolo azpeitiarra. Maila polita lortu zuten batzuk: Felix Etxeberria (Arrastoaren anaia), Fernando Llanos, Patxi Larramendi, Bautista Urkizar, Jose Ignacio Sagredo, Tatxuela Navas, Piti Bidaurreta, Santi Arrospide eta Patxi Goiburu lasartearrak, Jesus Mari Oiarbide eta Javier Miralles ordiziarrak, Juan Jose Lampre, Miguel Angel Bermudez... Etxeberria eta Sagredo gero irakasle ere izango ziren. Horietako batzuk Pirinioetan Tozal del Mallo eta Couloir de Gaube Vignemalen (zeuden zailenak, seigarren maila) eta Alpeetan ere ibili ziren eskalatzen. Oargi elkartean ere baziren eskalatzaile onak: Ramon Ortiz, Iñaki Marcos, Jaito Azpiroz, Luis Mari Pitxi Sagredo… Emakume batzuk ere aritzen ziren, Pili Ormazabal besteak beste.

Garai hartan Alpino Uzturre elkartean bazkideek egindako eskaladekin koadro bat osatu zuen Jose Sasieta lehendakariak, zailtasunaren arabera: Uzturre, Txindokiko frontoia eta Diedroa, Atxarteko Urrasteiko ertza, Etxauriko Husoa, Santa Barbarako Bonboa… ziren erronkak eta lorpenen araberako puntuazioa eta onarpena lortzen zuten.

Bi istripu larri

Arriskua duen kirola izanik, heriotzak ere bere presentzia izan du historian zehar eta eskualdeko mendizaleak ez dira horretaz libratu. Tolosaldean eta Euskal Herri osoan kolpe handia izan ziren bi istripu gertatu ziren aurreko mendeko 60. hamarkadan.

Lehena Etxauriko Huson gertatu zen 1966ko urtarrilaren 30ean eta Angel Etxedona tolosarra hil zen, 19 urte zituela, Felix Etxeberria eta Benito Lasa ibartarrarekin zihoala, gailurra lortu ondoren rappela egiten hasi zenean erorita.

1969ko otsailean, lehen aldiz neguan Naranjo de Bulneseko (Asturias, Europako Mendiak) mendebaleko aurpegia eskalatzea lortu ondoren, Patxi Berrio eta Ramon Ortiz tolosarra hil egin ziren. Azken zatian erori zirela diote lagunek, zailena egina zutenean, konfiantza hartu eta iltze bati bi mailu kolpe ez emateagatik. Bi eskalatzaileak alde banatan erori eta beheraino ez ziren iritsi, zintzilik gelditu ziren. Istripu larri honek oihartzun handia izan zuen estatu osoko komunikabideetan eta bi hildakoen erreskatean garaiko eskalatzaile onenak elkartu ziren.

 

Alberto Caceres. Eskalatzaile ohia

«Guk geuk egiten genuen orduan materiala»

Mende erdia pasatu ondoren, tarte horretan eskalada mundua asko aldatu da, dudarik gabe, alde guztietatik. Materialaz, teknikaz, garraioaz eta beste hainbat gauzaz hitz egin genuen Biazpeko topaketan Alberto Tito Caceresekin.

Nolakoa zen orduan materiala?

Dena burdinazkoa, oso pisua. Aluminiozko mosketoiak ateratzen hasi ziren, baina ez genuen dirurik erosteko. Arropa norberak zuena erabiltzen zuen. Ez zegoen material asko.

Non lortzen zenuten materiala?

Guk geuk egiten genuen, ahal genuena. Estribuak hasieran egurrezkoak ziren, baina gero Mikelek emandako bizikleten gurpilekin hasi ginen egiten. Orain ez dituzte erabiltzen. Mosketoiak erostera Iparraldera joaten ginen, Hendaiako Iraola Sport eta Donibane Lohitzuneko denda batera. Nylonezko lehen sokak Bartzelonatik lortu genituen. Batzuk taldean erosten zuten soka.

Eta oinetakoak?

Haitz Nagusia egin genuenean bota handiak erabili genituen, baina Haitz Txikian Chiruca markakoak erabili genituen, arinagoak. Hobeto heltzen zuten eta gaur egungo katu oinen aurrekariak izan zirela esan daiteke.

Eta nola mugitzen zineten?

Hemen inguruan motoz, motxila ondo kargatuta gainean eramanda. Pirinioetara ere joan izan ginen motoz, baina materiala autobusen batean bidaliz. Merkeagoa ateratzen zitzaigun, eta gainera taldeek antolatutako autobusak bete egiten ziren. Eskiatzera joandakoan ere berdin egiten genuen. Bestela, garraio publikoz joanez gero Pirinioetara, aste osoa behar zen gutxienez. Lehendabizi trenez Zaragozara, gero autobusez Sabiñanigora…

Eta gaur egungo eskalada, nola ikusten duzu?

Orain Irurtzungo Biaizpeko haitzak bospasei ordutan igo daitezke, dena ekipatuta dagoelako. Orduan ere bazen gu bezain ondo edo hobeto prestatutako jendea, baina inork ez zuen gaua paretan pasa nahi. Lehendabizikoak izan ginen. Orain soka laguntzaileari esker jaitsi eta hurrengo egunean jarraitzen dute goraka. Gure garaian pentsaezina zen hori. Kirol eskaladan oso gauza gogorrak egiten ari dira orain eta batzuk profesionalak izatera iritsi dira. Aste osoan lan egin ondoren, joaten ginen gu eskalatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!