Horma irudi bat egin dute Baliarrainen erromeriaren omenez

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 5a, 11:00

Nextor Otaño Nexgraff artista gazteak margotu du, eta erromeriarekin harremana duten hainbat pertsonaia bildu ditu irudian.

Erromeriaren omenezko horma irudi bat margotu dute Baliarrainen. Garai batean San Juanen ezkutuko erromeriak antolatzen zituzten, eta igandero erromeriak egiteko ohitura ere bazuten herriko plazan. Udaletik azaldu dutenez jendea elkartzeko balio zuten ekimen haiek: «Jendea elkartu, harremanak egin, ondo pasa eta gozatzeko egunak ziren, trikiti eta panderoaren alaitasunarekin».

Irudi berrian Euskal Herriko erromeriarekin harremana duten pertsonaiak bildu dituzte. Batetik Maurizia, Maurizia Aldeiturriaga Zabala (Zeberio, 1904-1988) pandero jotzailea. Hamabi urterekin plazan jotzen hasi zen, eta gerra garaian ez-ezik, ia bizi guztian aritu zen panderoari lotuta. Eta bestetik,  Josune Arakistain Salas (Lastur, 1996) pandero jotzailea ere agertzen da. Hamazazpi urterekin Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketa irabazi zuen; eta ezaguna egin da Huntza taldeko abeslaria eta trikitilaria izateagatik. Irudian ageri den dantzaria, berriz, Sua Enparantza Alustiza (Donostia, 2003) antzezle eta dantzaria da; Kukai dantza taldeko kidea. Hori horrela, hainbat belaunaldi elkartu ditu artistak horma irudian.

Margotzen Nextor Otaño (Pasaia, 2003) Nexgraff  aritu da. Aitarekin batera margotzen hasi zen 2017. urtean. Espraiekin margotzen aritu bada ere, gaur egun pintzelarekin aritzen da beste testura eta amaiera batzuen bila. Eskualdeko hainbat herritan egin ditu muralak, eta bigarrena du Baliarrainen.

Baliarraingo Udaletik gogobeteta azaldu dute horma-irudiaren helburua: «Mural berri honekin kaleko arte erakusketarekin jarraitzen dugu, herriko buelta atseginagoa izateko herritarrentzat eta bisitarientzat. Honekin batera, arteak eskaintzen duen estetika, istorioa, memoria eta hausnarketarako gaitasunarekin gozatu dezagun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!