Kuadrilla eguna ikurrina balkoitik zintzilikatuz hasi dute

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 30a, 16:00

Ikurrinarekin kalejira egin eta udaletxeko balkoitik zintzilikatu dute, kuadrilla guztietako ordezkariek; kuadrilla eguneko bazkarian 500 lagunetik gora bildu dira. 

San Pedro egunaren biharamunean kuadrilla eguna ospatzen ari dira Asteasun. Goiztiar ibili direnek Magia Parrastan ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute, Andoni Ituñoren eskutik. Eta gainerakoak, eguerdirako atera dira plazara, ikurrinaren ekitaldira, kuadrillako blusa edo kamiseta soinean zutela. 

Amaia Agirre bertsolariak gogorarazi du 2012an iritsi zela agindua, udaletxeko balkoi guztietan bandera espainiarra jartzeko. «Gurea, ikurrina» denez, kuadrilla bakoitzeko ordezkariek heldu diote ikurrina handi bati ertz banatatik, eta trikitilari eta txistularien laguntzaz, kalejira egin dute herrian zehar. Berriro plazara itzultzean, Amaia Agirrek pare bat bertso kantatu ditu eta dantzariek zintza dantza egin dute, udaletxeko balkoian ikurrina zintzilikatzen zuten bitartean. Horren ostean, animatu diren herritar guztiek aurreskua dantzatu dute, ikurrinaren azpian.

Eta jarraitu du festak. 500 lagunetik gora bildu dira bazkaltzeko, plazako karparen azpian. Batetik, paella egin dute, eta bestetik, saiheskiak erre dituzte parrilan, biak plazan bertan. Bazkalostean, Andoni Ollokiegiren emanaldia izango dute eta 18:30ean Lamiategin izango den apar festarekin jarraituko du arratsaldeak. 19:30ean Elektrotxufla elektrotxarangaren emanaldia izango da, plazan eta afalostean suzko zezena. Gaur gauean, kulturarteko gaua ospatuko dute, eta Tropicana Sound eta DJ Fresa Morangok alaituko dute giroa.

  • Uztailak 1, larunbata. HAURREN EGUNA
    • 11:00. Herriko haurrentzako jolas eta lehiaketak: marrazkiak, xakea, krosa...
    • 12:00-14:00. Puzgarriak.
    • Ondoren. Haurren bazkaria.
    • 15:00-17:00. Puzgarriak.
    • 18:00. Patata tortilla txapelketa.
    • 18:30. Sagardo dastaketa.
    • 19:30. Herriko elektrotxarangaren emanaldia.
    • 22:00. Kontzertuak: Erroka, Bad Sound eta DJ Reimy. 
  • Uztailak 2, igandea. JUBILATUEN EGUNA.
    • 11:00. Meza.
    • 11:00. Haurrentzat zirku tailerra Usarrabi frontoian.
    • 13:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Ugaitz Mugerza eta Iker Vicente. Harri-jasotzaileak: Lierni Osa, Lur Errekondo, Mikel Lopetegi Urra eta Paulo Azpiazu.
    • 14:30. Jubilatuen bazkaria. Bertsolariak: Millan Telleria eta Sebastian Lizaso. Trikitilariak: Agurtzane eta Ion Elustondo.
    • 18:30. Trikiti eta pandero eskolaren musika emanaldia.
    • 20:00. Erromeria Agurtzane eta Ion Elustondorekin.
    • 21:00. Sorginaren igoera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!