Erreportajea

Baserritarren Mahaia, eragiteko

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 20a, 07:58

Aitor Usandizaga, Xabier Zubiaurre eta Edurne Goenaga, Baserritar Mahaiko kideak.

Tolosaldean, Asteasu da bertatik bizi diren baserritar kopuru handiena duen herria. Ia berrehun ustiategi daude herrian; horietatik batzuk bertatik ehuneko ehunean bizi dira eta, beste batzuk, kanpoan lan egin eta baserria aurrera daramate. Ez da kopuru makala.

Baserritar horien kezkak eta arazoak elkarbanatu, eta herrira begira, udalari begira edo legeei begira lan egiteko espazio bat martxan da, duela bi urte ingurutik: Baserritarren Mahaia. Dozena bat lagun biltzen dira, adin, jarduera eta asmo ezberdinetakoak guztiak.

Herrian ospatzen den San Isidro eguna antolatzeko ardura hartu du taldeak, «beste ukitu bat» emanez. Aurten, esaterako, baserritik bizi izan diren 90 urtetik gorako zazpi pertsona omendu dituzte eta eskolako haurrekin herri kirol saioa antolatu dute. Irailean egiten den azokan, ganadu azokari ere «buelta bat» eman nahi diote.

Horrez gain, ahalegin berezia jarri nahi dute herriko haur eta gaztetxoetan. «Lehengo haurrek bazuten baserriaren berri, baina gaurko haurrek ez dakite ezer, ez tresnen izenak, ez baratzeko landareen izenak... galtzen ari da eta garrantzitsua da ezagutza hori haur eta gazteei transmititzea», esan dute mahaiko kideek.

Haurrak belakien modukoak direla esan ohi da, guztia xurgatzen dutela. «Hor eragin behar da, garai hori egokia da zenbait kontzeptu azaltzeko, etorkizunean ideia horiek buruan izango dituztelako». Bide horretan, asmo zehatza du Baserritarren Mahaiak: eskolarekin elkarlanean, herriko baserri ezberdinetara ikasleekin bisitak antolatzea urtean zehar. Jarduera ezberdinak ezagutuko dituzte horrela: artzainak, esne behiak dituztenak, basogintzan ari direnak, baratzean ari direnak... Errealitate ezberdinak, alegia.

Proposamen berriarekin irakaskuntzan eragin nahi du mahaiak. «Matematika, historia eta beste ikasiko dituzte, baina behi batek zenbat titi dituen ere ikasiko dute hala». Horrekin batera, baserritarrek sortzen dituzten elikagaien kontsumoa bultzatu nahi dute, «etorkizuneko erostunak gaur egungo haur eta gazteak izango direlako».

Baina ez dute haurrengan soilik fokua jarri. Herritarrei begira ere jardun nahi dute: «geroz eta kaletarragoak gara, eta sektorearentzat ez da ona hori». Ezagutza faltagatik, erosotasunagatik edo lehentasunagatik, jende gutxik hartzen duela konpromisoa diote bertakoa, gertukoa kontsumitu eta zaintzeko. «Hortxe ikusi da Lurtaro kooperatibaren asmoa zein nekez doan aurrera, jendeak ez duelako konpromisorik hartu nahi».

Kontsumo ohituretan eragiteko formulak bilatu nahi ditu Baserritarren Mahaiak. Gizakiaren lehenengo premisetako bat da jatea eta janari horren zati bat herrian sortzen da, Asteasun bertan. «Antolatu dezagun gure herria eta antolatu gaitezen gure artean ekonomia zirkular bat sortzeko. Zergatik joan behar dugu Mercadonara produktuak erostera, herrian bertan baldin badauzkagu?».

Eta hor, garrantzitsuena: Prest daude asteasuarrak bertako elikagaiek eskatzen duten prezio hori ordaintzeko ahalegina egiteko? Asteasuar batek lehen sektorearen alde egin lezakeen lehen gauza bertako produktua kontsumitzea da. «Zuzenean erosteko aukerarik ez badu ere, inguruko dendetara joaten denean jakin dezala zer erosi, zer babestu».

Asteasun, beste lekuetan bezala, ez da jaten den adina haragi sortzen. «Euskal Herrian jaten denaren %30 sortzen da, pentsa zer aukera dagoen baserritar izateko, baina, zoritxarrez, egoera halakoa da eta geroz eta gutxiago gara».

Baserritarrak errespetatu eta babestea ere bada herritarrek egin dezaketen ahalegina. «Ezagutza faltak eragiten du askotan gertutasun falta hori; miresmen eta laguntza gehiago behar dugu, elkarren beharra daukagu».

Sektorearen garrantzia, zentzu guztietan

Elikagaiak sortzeaz gain, baserritarra da «ingurumenaren zaindari nagusia». Asteasuk halako paisaia badu, halako larre, mendi eta ingurunea badu, baserritarrek lan egiten dutelako da. «Baserritarrak beraien jarduna uzten doazen bezala, basoa behera dator, zikina herrira gerturatzen ari da, horrek sor dezakeen sute arriskuaz ahaztu gabe».

Hamaika gai daude hausnartu beharrekoak. «Noren esku geratzen ari dira lurrak? Noren esku enpresak? Geroz eta esku gutxiagotan geratzen ari dira gauza guztiak, eta galtzen ari gara horien gaineko kontrola. Erabat galtzen dugun egunean gerta daitekeenaren arriskuaz jabetu behar du herriak. Horregatik da garrantzitsua herrian dauden baserri eta negozioak mantentzea».

Aurrean dituzten erronkei heltzen saiatuko da Baserritarren Mahaia datozen urteetan. Urteko ekintza puntualak antolatu eta eskolarako duten proposamena lantzeko asmoak dituzte eskuartean, eta herritarrei begira ideia berriak lantzeko tartea ere hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!