Altuna III VS Laso _ Lau eta Erdiko Finala 2021

Jokin Altuna: "Oso hunkituta nago"

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 14a, 20:31

Partidan asko sufritu duela esan du amezketarrak eta txapela zaleei eskaini die, berari animoak ematera joan direnei, zein orokorrean pilotalekura joan diren guztiei.

Jokin Altunak ETBko mikrofonoetan hitz egin du finala bukatuta. "Gaizki bukatu dut. Asko sufritu dut finala. Biok momentu batzuetan ondo aritu gara, eta beste batzuetan tentsionatuta. Bederatzigarren finala da, baina egun hauek beti bereziak dira". Ikusi du une batean finala ondo eramaten ari zela, baina gero Lasok tanto batzuk egin ditu. "Berak beti erakutsi du, nire aurka jokatu duen partidetan ere, bukaera arte hor dagoela", esan du amezketarrak. "Asko sufritu dut, eta esango nuke opari gutxi egin dudalako irabazi dudala eta ez luzimenduko partida egin dudalako. Baina ikaragarri gustura nago, honen atzetik lan asko dagoelako eta oso hunkituta nago".

Finala paregabea izan ote den galdetuta, une horretan ez zekien guztiz nola erantzun Altunak. "Tanto asko gogorrak izan dira, eta opariak egin ditugu biok, hasieran batez ere biok tentsio handiarekin geundelako. Baina asko dago jokoan eta horrelakoak gertatzea ezin da saihestu. Aurkaria latza da eta bere kontra jokatzea zaila da", esan du txapeldunak.

Seigarren finala jokatu du jarraian lau eta erdikoan eta hirugarren txapela du. "Ikaragarria da", azaldu du Altunak. "Oso harro nago, baina esango nuke txapelak lanaren bukaerako opariak direla". Frontoira joan den zaleak izan ditu gogoan, eta oso hunkituta hitz egin du. "Partida oso gogorra izan da. Eta esan dudana, honen atzean lan asko dago eta oso harro nago. Gaur galdu izan banu pena handia eramango nuen etxera, baina Jokinek [Etxaniz] 18nako atsedenaldian esan dit gogoratzeko egiten ari naizen lan guztia".

Txapela frontoira joan diren zale guztiei eskaini die Altunak: "Ez bakarrik nire zaleei, baita Unairen zaleei ere". Amezketarrak gaineratu du "lotsagarria" iruditu zaiola 19na zihoazenean partida etetea. "Hainbeste jokatzen ari garen une batean horrelako gauza bat gertatzea... Espero dut gehiago ez gertatzea. Hainbeste jende etorri, horrelako ikuskizun bat izatea, eta lotsagarria da gertatutakoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!