Superabitarekin itxi du udalak 2023ko ekitaldia

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 17a, 16:53

862.700 euroko superabitarekin amaitu du 2023ko ekitaldia Amasa-Villabonako Udalak. Inbertsioetara milioi eta erdi euro bideratu zituzten iaz.

Amasa-Villabonako Ogasun batzordean 2023ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman du udaleko kontu hartzailetzak eta jakinarazi du 862.700 euroko superabitarekin amaitu duela udalak iazko ekitaldia.

7.428.700 eurorekin abiatu zuten 2023ko aurrekontu orokorra, eta urtean zehar egindako kreditu aldaketa eta jasotako diru sarrera berriekin, kopurua 10.410.858 eurotara igo zen. Aldi berean, iazko urtean zehar hainbat proiektu gauzatzeko 1.515.900 euro inbertitu zituzten. Udal gobernuak proiektu nabarmenenak zerrendatu ditu: Olaederra kiroldegiko teilatuaren birmoldaketa; Larreako parke estalia; espaloiak eta asfaltatze lanak; kale argiteriaren luminaria berriak; Fleming herri eskolako azpiegiturak hobetzeko obrak; eta Arroako eskolako teilatuan jarritako eguzki panelak.

Diruzaintzako gerakina

Behin 2023ko kontuak itxita, Amasa-Villabonako Udalak 3.901.600 euro ditu diruzaintzako gerakinean. Kopuru «aipagarria» da udal ordezkarien esanetan, «etorkizunean ez ohiko inbertsio esanguratsuak zuzenean bere baliabide ekonomikoekin finantzatzeko aukera emango dio udalari, kreditua eskatu edo zorpetu beharrik gabe».

Era berean, kontu hartzailetzak Ogasun batzordean emandako datuen arabera, egun, 606.800 eurokoa da udalaren zor publikoa. «2019tik 742.500 euroan gutxitu da zor publikoa. %55 jaitsi da, duela bost urte 1.349.376 eurokoa baitzen udalaren zorra».

Udal gobernuaren esanetan 2023ko ekitaldiari buruzko datu ekonomikoek erakusten dute «kudeaketa eraginkorra eta arduratsua» egin dutela arduradunek. «Baliabide publikoak eraginkortasunez kudeatu izanaren seinale dira datuok. Inbertsioak igotzearekin batera, zor publikoa erdira murriztea eta era berean diruzaintzako gerakina nabarmen handitu izana, albiste oso positiboa da udalaren finantza egonkortasunerako». Udalaren egoera finantzarioa une honetan «osasuntsua eta positiboa» dela adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!