"Zauriak sendatu ezinik jarraitzen du"

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 1a, 11:59

Remi Ayestaranen heriotzaren 12. urteurrenean, oraindik ez dakitela "egia osoa", inork ez diela azalpenik eman eta inork ez duela gertatutakoa bere gain hartu salatu dute.

Hamabi urte bete dira Remi Ayestaran billabonatarra hil zela, eta Remi Gogoan ekimeneko kideek urteroko ekitaldia egin dute bere omenez. Amasa-Villabonako alkateorde izandakoaren omenezko monolitoaren ondoan egin ohi dute ekitaldia, baina, atzokoan, euriagatik, Behar Zana frontoian egin zuten.

Remi Gogoan ekimeneko kideek esan zutenez, 2009ko uztailaren 31n gertatu zena ez dute inoiz ahaztuko. "Uztaila iristean barruan zerbait mugitzen zaigu beti. Familiak, lagunek eta herri osoak sentitu genuen mina, eta zauriak sendatu ezinik jarraitzen du". Izan ere, ekimenak salatzen du 12 urte igaro diren arren, ez dakitela "egia osoa". "Iluntze hartan, udal ordezkari gisa lanean ari zela, bihotza leherrarazi zioten Remiri. Ertzaintzaren presio eta probokazioen aurrean, Santio jaiak istilu gabe amaitzea nahi zuen, baina ez zuten bakean utzi".

Bada, inork ez diela azalpenik eman, eta inork ez duela "eragindako galeraren ardura" bere gain hartu salatu dute. "Horregatik, egia, justizia errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen dugu, Remiri zor zaion aitortza egiteko". Ildo horretatik, udalak sustatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak Amasa-Villabonan izandako giza eskubideen urraketak jasoko dituztela gogoratu dute, eta Remi Ayestaranen kasua ere hor jasoa izatea "beharrezko" ikusten dute.

Bestalde, berriki Remi Ayestaranen Etxeondoko zuhaitza puskatu izana ere ekarri dute gogora: «Itxi gabeko zaurian min eman digu». Ekimeneko kideen iritziz zuhaitza puskatu izanak agerian utzi du memoria lantzen jarraitu beharra, «herriko belaunaldi gazteek ere jakin dezaten Remi nor izan zen. Herri honen alde lan egin zuen gazte bat, ordutegiei erreparatu gabe, herrigintzan aritu zen Amasa-Villabonako seme bat».

Aldarrikapenekin batera, dantzak eta bertsoek osatu zuten Remi Ayestaranen heriotzaren 12. urteurreneko ekitaldia. Familiako kideek eta lagunek loreak jaso zituzten, eta ekitaldiaren amaieran, pilotalekua bete zuten herritarren txaloak ere jaso zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!