Bizikletak konpontzeko eta garbitzeko gune berria, Otsabi auzoan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 29a, 19:59

Txirrindularitza zaleen beharrak ase asmoz, espazio berri bat egokitu du Amasa-Villabonako Udalak, Pump Track pistatik gertu.

Amasa-Villabonako Udalak gune publiko berri bat ezarri du bizikletak garbitzeko eta horien oinarrizko konponketak egiteko. Otsabi auzoko parkeko Pump Track pistaren ondoan (Arratzain futbol zelaira igotzeko bidean) dagoen etxola egokitu dute horretarako; bertan kokatu dute zerbitzua eta jada erabilgarri dago herritarrentzat. «Erabilerarik ez zuen etxola bat zen, eta herriko bizikleta zaleek egindako eskaerari erantzunez nahiz herritarrek txirrindularitza geroz eta gehiago praktikatzen dutela ikusirik, bertan zerbitzu hau eskaintzea erabaki dugu. Gainera, kokaleku egokia da, pistaren ondoan eta herrigunetik gertu dagoelako», azaldu du Xabat Laborde alkateordeak.

Bi gune izango dira egokitutako espazioan. Batetik, garbiketa lanak egin ahal izateko, bizikleta zutik mantentzeko bi euskarri eta ur presio handiko mangera izango dira. Bestetik, bizikletak konpontzeko, ondorengo erremintak edo tresnak egongo dira erabiltzaileen eskura: bihurkina (laua eta izarra), torx giltzen sorta, allen giltzen sorta, giltza finkoa (8x10 eta 13x15) eta zabalgarria, desmuntagarriak eta puzgailua. «Gainera, konponketak modu erosoan egin ahal izateko, bizikleta zintzilikatzeko aukera dute erabiltzaileek».

Egokitutako gunea 8:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta bizikletan ibiltzen den edonor joan daiteke hura erabiltzera. Espazioaren aurkezpenean, espazio berri honen zaintza eta erabilera egokiaren garrantzia azpimarratu ditu alkateordeak. «Guztion ardura da gunea behar bezala zaintzea eta zentzuz erabiltzea». Hori dela eta, gunea errespetatzeko eskatu du, eta etxolaren sarreran zehaztuta daudela erabilera arauak gogorarazi ditu Labordek: «Debekatuta dago kotxeak eta motoak garbitzea, ezin da xaboirik erabili, eta joan aurretik txorrota itxi eta gunea txukun utzi behar da».

Material berrerabiliarekin
Zerbitzu berri honen etxola eraikitzeko, eta honek beharrezko hornidura izan dezan, udalak lehendik zituen baliabideak eta materialak berrerabili dituzte brigadako langileek. «Horrek, beraz, ez du inolako kosturik suposatu». Bestalde, etxolaren inguruko errotulazioa eta kartelak Rotulos Vicente SL enpresarekin egin dira, eta 3.460,60 euro bideratu dira lan horietara. Bestetik, bizikletak konpontzeko gunea On Bizi enpresaren bidez eskuratu da, eta 1.801,69 euroko kostua izan du erosketak. Horrela, guztira, 5.262,29 euroko inbertsioa egin du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!