Mendi bizikletan aritzeko Pump Track-a Otsabin

Amasa-Villabonako Otsabi parkean, mendi bizikletarekin ibiltzeko Pump Track izeneko pista berri bat eraiki da eta dagoeneko erabilgarri dago. 

Zer da Pump Track bat? Kirol instalakuntza bat da, finean, mendi bizikletarekin ibiltzeko zirkuitu bat. Jolasa eta kirola uztartzen dituen, adin guztietarako balio duen eta mendi bizikletan aritzeko teknika hobetzeko aproposa den instalakuntza publiko bat da.
 
Elkarlanean eta auzolanaren bidez eraikia
Otsabin eraiki den Pump Track zirkuito berri hau, udalaren eta herriko hainbat mendiko bizikleta zale eta gurasoren arteko elkarlanaren bidez eraiki da. Amasa-Villabonako udalak, Belarmendi Mendiko Nekazaritza SL enpresaren bidez, zirkuitua eraikitzeko beharrezkoa zen lurra eta makinaria eskuragarri jarri zituen Otsabiko parkean eta herriko hainbat gurasok auzolanean burutu zituzten zirkuitua sortzeko lanak. Azpimarragarria da herritar hauek erakutsi duten inplikazioa eta lanerako gogoa, modu horretan instalakuntza hau eraikitzeko lanak erraztu eta merkatu baitira.
 
Erabilera arau orokorrak
  • Gune amankomun eta publiko bat izanik, erabiltzaileen arteko jarrera ona eta bizikidetza egokia mantentzea eskatzen da
  • Kaskoaren erabilera derrigorrezkoa da
  • Zirkuituan erabiltzaile bat baino gehiago dagoenean, denak norabide berean ibili behar dira erabiltzaileen arteko talkak saihesteko.
  • Bizikleten arteko segurtasun tartea mantendu behar da beti
  • Adingabeak beti gutxienez heldu baten gainbegiradapean egon beharko dute
  • Larrialdirik egotekotan 112 zenbakira deitu
  • Lurzorua bustia dagoenean ez erabili zirkuitua, hondatu egiten baita. 
  • Debekatuta dago motorrarekin sartzea
  • Txakurrak beti lotuta egon beharko dute eremu osoan
  • Eremua atontzeko lanekin jarraituko da
Pump Track zirkuitua erabilgarri badago ere, Otsabiko parkearen eremua txukundu eta hobetzeko hainbat lan egin beharko dira datozen asteetan. Zirkuituaren erabilera arau orokorrak azalduko dituen informazio kartel edo seinale bat ezarriko da eta parkeko eremua txukuntzeko hainbat lan egingo dira: inguruko sasiak kendu, belarra zaindu, zuhaitzak kimatu, parkera iristeko gurutzatu beharreko errepidean zebrabidea margotu, ur iturri bat ezarri etab.
 
Udala pozik kirol instalakuntza berri honen sorrerarekin
Amasa-Villabonako udal gobernuak bere poza agertu nahi izan du Pump Track instalakuntza berri honen sorrera dela eta. Izan ere, beti da pozgarria herrian kirola praktikatzeko eremu eta aukera berriak izatea. Azpiegitura honekin, medi bizikletan ibiltzeko, kirol osasungarri hau praktikatzeko, jolasteko eta lagun artean ondo pasatzeko beste aukera bat eskaintzea lortu da eta hori oso positiboa da. Ondorioz, udalak Otsabiko parkera gerturatzeko eta Pump Track-a erabiltzeko gonbidapena egiten die mendi bizikletan ibiltzea gustatzen zaien herritar horiei guztiei. 
 
Amaitzeko, udalak eskerrak eman nahi dizkie proiektu honen bultzatzaileei, Pump Track hau errealitate bat izan dadin musutruk lanean aritu diren herritar guztiei eta Belarmendi-ko langileei.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!