Gurea zinema-aretoko kontratuaren auzia

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 21a, 11:51

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, udalaren eta Jesusen Bihotza parrokiaren artean Gurea zinema aretoaren errentamendurako kontratua sinatzeko proposamena onartu da osoko bilkuran. Erabakia kritikatu du EH Bilduk.

Azken 25 urteetan Jesusen Bihotza parrokiak Gurea zinema-aretoaren erabilera utzi dio Amasa-Villabonako udalari. Lagapen kontratua zena, orain, errentamendu kontratua izango da eta udalak parrokiari urtean 1.500 euro ordainduko dizkio. Bi aldeek adostu dutenez, 25 urterako beharrean 15 urterako iraupena izango du eta urtean, doan, hiru aldiz bakarrik erabili ahal izango du parrokiak aretoa. Gainera, elizak ezingo du kontratua nahi duenean eten.

"Oso baldintza onetan egin da errentamendu kontratua", esan du osoko bilkuran Mertxe Garmendia EAJko zinegotziak. Zinea zerbitzu publikoa dela eta zabalik mantendu behar dela nabarmendu du, baina eraikina pribatua denez, "norberak erabakitzen du elkarrizketetan zein baldintza jarri". Kontrara, parrokiarekin eramandako negoziazioetan udala "indar posizio" batean egon dela uste du EH Bilduk eta udal gobernuak ez duela "herritarren interesen alde negoziatzeko intentziorik izan". Koalizio abertzaleko zinegotzi Xabat Laborderen hitzetan, "kontratu hau sinatzea elizari diru publikoa oparitzea da".  Zinemaren inguruan sinatu beharreko kontratua "erabilerarako lagapena" izan behar dela aldarrikatu du EH Bilduk, azken 25 urteetan izan den bezala.

Alderdi sozialistako zinegotzi Maria Luisa Arijak uste du elizak gisa horretako eraikinak "kulturako baino negozioa pribatuetarako" erabiltzen dituela eta herrian auditorio publiko bat egiteko aukera aztertzeko eskatu du. Hala ere, alokairu kontratua sinatzearen alde agertu da: "Duela 25 urte lagapena sinatu zenean udalak konponketa lan handiak egin zituen eraikinean eta horregatik doan utzi zuen elizak aretoaren erabilera. Orain ez gaude egoera berdinean".

Labordek gogoratu du aurtengo aurrekontuan Amasa-Villabonako Udalak 54.000 euroko inbertsioa duela aurreikusia Gurea zinema-aretoko butakak aldatzeko: "Jabetza pribatuko eraikin batean guztion diruarekin konponketak egiteak eraikin horren balio ekonomikoa gehitzea dakar". EAJko zinegotzi Eneko Urdangarinek "demagogia" egitea egotzi dio EH Bilduko kideari: "Zuek udal gobernuan zeundetenean ere egin zenituzten inbertsioak zinema-aretoan. Zenbateko kostua izan zuen, bada, udalak erositako proiektore digitalak?". 

Nahiz eta abenduko plenoan udal gobernuak esan oposizioak elizarekin eraman beharreko negoziazioetan parte hartu ahal izango zutela, EH Bildu eta PSE-EEk zinegotziek salatu dute ez dietela bilera bakar batera ere deitu. Hori ikusita, EH Bilduk proposamena luzatu dio udal gobernuari: "Sinatu ezazue kontratua legealdi honetarako, 2019ko maiatzera arte. Ez ezazue udala beste 15 urtetarako hipotekatu". Proposamena baztertu eta Jesusen Bihotza parrokiarekin kontratua sinatzea erabaki du udal gobernuak, PSE-EEko zinegotziaren babesarekin.

Hiru mozio onartuta

EAJ eta EH Bildu bat etorri ziren, ordea, Tolosaldeko Giltzarriak aurkeztutako mozioa babesterakoan. Amasa-Villabonako Udalak, beraz, "dei egiten die herritar guztiei martxoaren 19ko galdeketan parte hartzera, iritzia agertzera. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarren garaia delako". EH Bilduk "aitortza" egin eta "babesa" eskaini die Giltzarria elkartean dabiltzan boluntarioei eta prest agertu da galdeketa prestatzeko eginkizunetan laguntzeko. EAJri ere egin dio deia: "Erabakitzeko eskubidearen alde gauden alderdiok adierazpen bateratu bat egitea proposatuko dugu datozen egunetan". PSE-EEko zinegotziak, mozioaren aurka bozkatu zuen.

Aho batez onartu dira, bestalde, EH Bilduk aurkeztutako 'Guernica' Gernikara mozioa eta EUDELek prestatutako Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpena. Gainera, osoko bilkuraren hasieran Maite Izagirre alkateak "irmoki" salatu du Tolosan larunbat goizaldean izandako bortxaketa eta "elkartasuna eta babesa" eskaini dio erasoa jaso zuen emakumeari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!