Txintxarriak jo eta abiatu dute festa alegiarrek

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 14a, 20:09

Udal korporazio berriak bota du jaien hasierako suziria udaletxeko balkoitik. Txintxarria jaitsi ondoren astelehena bitarteko jai egitarauari hasiera eman zaio.

Abiatu dira ofizialki Alegiako festak. Loatzo musika eskolako musikariekin eta Giroarte dultzaina taldearekin, kalejira egin dute Alegiako eta Villabonako erraldoi eta buruhandiek Larraitz auzotik plazaraino. Ohitura den bezala, udal korporazio berriak izan du jaien hasierako txupinazoa botatzeko ohorea. Festetako kamiseta soinean zutela udaletxeko balkoian izan dira zinegotzi berriak.

Lehenik eta behin, oposizioko kideek hartu dute hitza eta esan dute Alegia anitza dela, eta aniztasun horren adibide dela festak bizitzeko modu ezberdinak egotea. "Festetan ere Alegia euskaldun, feminista eta solidario bat izaten jarraitzea da gure nahia", esan du EH Bilduko zinegotziak. Euskal preso eta errefuxiatuak ere gogoan hartu ditu bere hizketaldian.

Udal talde berriaren izenean hitz egin du, ondoren, Regina Sorarrain alkateak. "Urte osoan zain eta badatoz festak". Urte guztiko nekeak ahaztu eta Alegiako ume, haur, gazte, heldu eta gurasoak festetan murgiltzera gonbidatu ditu. Gogoan izan ditu alkateak, arrazoi bategatik edo besteagatik, kalean egunotan egon ezin duten guztiak. "Elkarren errespetuan igaro ditzagula festak eta zaindu dezagula elkar", esan du Sorarrainek. "Txintxarriok, goza ezazue, zaindu herria eta ez galdu inoiz irria".

Suziria piztu du alkateak, eta horren ondoren, Alegiako ereserkia entzun da udaletxeko balkoitik, txintxarriak bertara jaisteko bidea egin duen bitartean. Gozokiak banatu dituzte udal ordezkariek txikienen artean eta erraldoi eta buruhandiek kalejiran jarraitu dute Alegiako kaleetan zehar.

Hau da gaurko egitaraua:

  • 21:00. Zahagiardoa zubian.
  • 23:00. Bad Sound eta Ezpalak taldeen kontzertuak.
Erlazionatuak

Txintxarriaren jaitsiera Alegian

Tolosaldeko Ataria 2023 uzt 15 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!