10 hilabete isolaturik

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 7a, 16:41

«Luzetsita» daude Nekane Txapartegiren gertukoak Suitzako gobernuak oraindik ez baitio Espainiak egindako estradizio eskaerari erantzun. Apirilean urte bat beteko da atxilotu zutenetik.

«Egoera hau bidegabea eta jasangaitza da». Horrela uste du Nekane Libre plataformak. 2016ko apirilaren 6an Suitzar poliziak atxilotu zuenetik 10 hilabete daramatza preso,  isolatuta, egunean 20 ordu baino gehiago ziegan bakartuta.

Espainiako Estatuak eskatuta behin behinean daukate preso Zurichen, 2007an Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 sumarioan ezarri zion sei urteko zigorra medio. Atxilo zegoenean egindako deklarazioetan oinarrituta zigortu zutela argudiatu du Txapartegiren defentsak eta deklarazio horiek torturapean egin zituela.

Berriki, NBEk erabiltzen duen ikerketa metodoa –Istanbulgo Protokoloa– jarraituz nazioarteko bi adituk «sinesgarritasuna» eman diote Txapartegiren tortura salaketari. Arrasto psikologiko eta fisikoak utzi zizkiotela uste dute Onder Ozkalipci auzitegi medikuak eta Thomas Wenzel psikiatrak. Asteasuarraren abokatuak Suitzako Justizia Bulego Federalera bidali du adituek egindako txostena.

Erabakiaren zain

«Benetan oso luze egiten ari da. Kontrako epaia egonez gero, helegiteak jarrita ere, urtebetean dena amaituta egongo zela esan ziguten abokatuek. Hamar hilabete pasa eta lehen erabakirik ere ez dugu», esan dute Txapartegiren gertukoek. Alde batetik etsigarria dela uste dute, baina bestetik ikusten dute Suitzako gobernuak «zailtasunak» dituela Espainiako gobernuari arrazoia emateko eta abokatuaren lana «ona» ari dela izaten. Estradizioaren auzia ebazteaz gainera, asilo politikoa ere eskatu dio asteasuarrak Suitzako gobernuari.

Bien bitartean, Txapartegik nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin bizitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen du Nekane Libre plataformak eta Suitzan atxilotu zutenetik urtea bete bitartean ekimenak iragarri dituzte: «Lanerako gogoa eta kemena Nekanek ematen digulako, ez dugu etenik izango».

Egunotan Bilgune Feministako kideek bisitatu dute Txapartegi Zuricheko kartzelan eta hainbat hitzaldi eman dituzte Suitzan.

Etxeratek ere, martxoaren 3an eta 6an egingo dizkio bisitak asteasuarrari eta hitzaldiak eskainiko dituzte Txapartegiren beraren eta beste hainbat euskal presoren egoeraren berri emateko.

Joseba Txapartegi, Nekaneren anaiak hitz egin du Ataria irratian gai hauen inguruan:

 
Iragarritako ekitaldiak apirila arte:
 
Otsailak 16, osteguna
Bilbo. Suitzako kontsulatuaren atarian elkarretaratzea egingo da 18:00etan.
 
Martxoak 6, astelehena
Zizurkil. Kontzentrazioa isolamenduan 11 hilabete beteko dituen egunean.
 
Martxoak 8, asteazkena
Tolosaldea. Bailaran Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatuko diren ekimenetan Nekane Txapartegiren egoera salatuko da bereziki.
 
Martxoak 16, osteguna
Bilbo. Suitzako kontsulatuaren atarian elkarretaratzea egingo da 18:00etan.
 
Apirilak 7, ostirala
Asteasu. Isolamenduan urtebete egingo duela-eta manifestazioa eta 24 orduko itxialdia.
(Suitzako gobernuak estradizioa ontzat emango balu, erabakia iristen den momentura aurreratuko da ekitaldia).
 
Asteartero Lora irratian
Suitza. Asteartero 12:45tik 13:00etara eta 22:05tik 22:15ra elkartasun eta sostengu mezuak bidali ahal izango zaizkio berak zuzenean entzun ahal izan ditzan. Telefono zenbakia honako hau da: 0041445672400.
 
Asteleheneko elkarretaratzean, Mikel Laboaren Txoria txori kantatu zioten Adunan bildutako herritarrek Nekane Txapartegiri, gero Lora irrati librean entzun ahal izan dezan:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!