Ia milioi erdiko aurrekontua izango du Abaltzisketako Udalak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 4a, 07:57

Jon Zubizarreta alkateak «trantsizio urtea» bezala ikusten du 2024a; epe laburrean ez du aurreikusten «inbertsio handirik», eta «urteroko lanketei» eutsiko diete aurten ere.

Abaltzisketako Udalak 471.553,87 euroko aurrekontua izango du aurten; iazkoa baino 34.000 euro inguru handiagoa. Jon Zubizarreta alkateak esan duenez, ez dute «inbertsio handirik» aurreikusten epe laburrean; eta, horrez gain, urteroko lanei eutsiko diete, besteak beste, herri bideak konpontzea.

Aipatutako kopuru horretatik inbertsioak egiteko 97.137,28 euro bideratu ditu udalak. Horrez gain, Zubizarretak aipatu du herri bideak egokitzeko eta mantentzeko diru laguntza eskatuko dutela foru aldundiko deialdian: «Urtero egiten dugun eskaera bat da; kostuen ehuneko handi bat finantzatzen dugu laguntza horiekin».

Orain arte aipatutako lanez gain, dagoeneko eraitsi dute Azpiko etxea; orain proiektua egingo dute eta, horretarako, urtebete beharko dutela ere azaldu du alkateak. Bitarte horretan eremua aparkaleku bezela erabiltzea eskatu omen dute herritarrek, eta Zubizarretak azaldu du oraindike z dutela erabaki, baina horretarako izan litekeela «urtebetez behintzat».

Legealdiko egitekoen inguruan, atzera aipatu du eginda dutela mendiko ordenazio plana, eta amaitzen ari direla ingurumen eragina kalkulatzen. Bide beretik, gogora ekarri du legealdiko «erronka nagusietako bat» dela gazteak herrian geratzea.

Baliabideak ugaritzea
Datorren urterako 1.100 biztanletik beherako herrien finantzaketa indartzeko akordioa sinatu dute Eudelek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Neurriaren inguruan pozik hitz egin du Abaltzisketako Udaleko ordezkariak: «Badirudi urte hauetan ez dela behar bezala kalkulatu herri txikioi bideratu zaigun baliabideen zenbatekoa; eta, pixkanaka, gero eta atzerago geratzen bezala joan gara. Orain, bat-batean handituko da gure finantzazioa».

Alkateak esan du beti kexatu izan direla «baliabide gutxi» izateaz, eta hori aldatzea dakarrela neurri berriak: «Egoera erabat konpondu ez, baina konpontze aldera jarriko luke». Zubizarretaren hitzetan, diru horrek aukera emango luke «giza baliabideak ugaritzeko», inbertsio gehiago egiteko eta «ongizatea hobetzeko». Hitz gutxitan borobildu du: «Asko aldatzen da kontua, asko». Baliabide horien kudeaketan «garrantzitsuena ondo asmatzea» dela aipatu du, eta baita «egitura polit eta sendo» bat eraikitzea ahalbidetu dezakeela ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!