Lehenen aldiz aurkeztu da txapelketara. «Aurrekoan ere aukera izan nuen adinez, baina ez nire buruarengan ateratzeko konfiantzarik, oraindik gazte samar ikusten ginen, eta aurten atera gara». Garbi du esperientzia bat bizitzera doala: «Bertso munduan gustura ibiltzen naiz, lagun artean kantari, eta sortzen zaizkigun plaza koxkorrak eginez, orain arte hori ezagutu dut. Egin ez dudan plaza bat egiteko aukera moduan hartzen dut txapelketa. Txapelketa zer den ikustera noa».
Ez du pentsatu nahi hurrengo fasera igarotzeko aukerarik izango duen. «Ikusi nahi dut txapelketan nire burua nola azaltzen den tenplez; plaza horretan zer moduz moldatzen naizen. Gero, plaza guztietan bezala, bertsolari guztien helburua saio duin bat egitea da. Ahal dela nire bertsokeraren arrastoren bat uztea, hori da helburu nagusia».
Prestaketak jarri duen langaren neurrikoak direla dio. «Ez dut beste munduko prestaketarik egin etxean. Ez naiz mahaian jarri, paperaren eta boligrafoaren aurrean. Urte guztian zehar astean behin bertsotan aritzen garen kuadrilla elkartu gara, eta txapelketa aurrean astean bitan aritu gara. Beharbada elkartu garen saio horiek serio hartu eta bertsoak egiterakoan txukunak izan daitezen saiatu naiz».
Orokorrean eroso sentitu den saio motak librekoak direla aitortu du. «Txapelketan jakina da gaiak izaten direla. Bestalde, esango nuke bakarkakoa dela nire puntu ahula. Gustuko neurria hamarreko txikia dut eta hor eroso sentitzen naiz horretan». Txapelketako faboritoak «guregandik urruti» izango direla adierazi du bertsolariak: «Beno, Irazu ere hor dabil, baina faborito nagusi Beñat Gaztelumendi jotzen dut. Bere inguruan ibiliko da txapela».