Gipuzkoa bertsotan

"Bakarka arantza ateratzeko moduan ari naizela uste dut"

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 9a, 10:19

Iñigo Gorostarzu 'beteranoa' da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Aurten Gipuzkoa Bertsotan-en ariko da igandean, maiatzaren 10ean, 17:30ean, Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan.

Hirugarren aldiz aurkeztuko da Gipuzkoako Txapelketara. Bertan parte hartzeak ez du berarentzat ezer berezirik. «Urte guztian aritzen gara gutxiago edo gehiago bertsotan. Ni Leitzako bertso eskolan eta Harituzen ere aritzen naiz. Txapelketa ez da ezer berezia niretzat, ez dakit gainera ez den azken parte hartzea izango, ez baitakit hemendik lau urtetara zer egingo dudan. Urtean zehar aritzen garenez, lau urtez behin Gipuzkoako Txapelketan aritzea egiteko gutxienekoa da».

Bere lehen helburua lehen faseko «bi saio on» egitea da: «Ahal dudan mailarik onena eman, eta hori egitea lortuz gero, irailera begira egoteko moduan izan gaitezke. Sailkapena lortzea zerbait izango da». Irailera iritsiz gero «gozatzea» du helburu, eta ez bada pasatzen «orain bezala bertsotan jarraitzea» ikusten du.

Prestaketen inguruan, Leitzako bertso eskola eta Harituz aipatu ditu: «Orain Harituzekin astean bitan geratzen gara, eta Leitzan Nafarroako Txapelketa prestatzen izan dira eta hori ere ondo etorri zait. Bestela, ezer berezirik egin gabe. Batzuk esaten dute etxeko lan asko egiten dituztela, baina ez da nire kasua». Erosoago ofizioetan sentitzen dela dio: «Saio onenak hala egin ditudala uste dut. Bakarkakoa izan da nire puntu ahula. Aurten gehiago saiatu naiz horiek egiten, eta arantza hori ateratzeko moduan behintzat ari naizela uste dut. Espero dut txapelketan ez izatea egun txarrik eta itxura ona ematea».

Abendua urruti dagoela dio, faboritoren bat esateko: «Nola hasiko den eta jendea zein puntutan egongo den jakitea zaila da, baina Beñat Gaztelumendi azken bi txapelketetan txapeldunorde izanik, berak du faborito izateko puntu bat gehiago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!