Bigarren aldiz ariko da txapelketan. «Orain lau urte izan nintzen eta esperientzia polita izan zen. Probatzeko atera ginen, eta aurreneko bi saioak egin genituen, sailkapen fasean. Ondo joan ziren, eta gero udazkenean izan zen hurrengo fasea eta han gehiago sufritu genuen». Azken lau urteotan Harituz bertsozale bilgunea sortu dutela dio, herriz herri ibiltari dabilena. «Bertsotan aritu gara aldiro, txapelketari kasu asko egin gabe, eta orain gure burua hor azaltzea da, ikustea zer egin dugun lau urte hauetan, proban jartzea epaileen aurrean. Jakitea hobetu dugun bertsotan edo ez. Txapelketa ere plaza bat da norberaren burua azaltzeko».
Helburu gisa gozatu nahiko luke: «Orain dela lau urte aurreneko bi saioetan aldizka iritsi nintzen gozatzera. Hirugarrengoan ez nuen batere gozatu, eta oraingoan joan, gozatu eta saio ona eginez gero, ez dut beste aparteko helbururik. Saioa, gustatzen zaidan horietakoa egiten badut, aurreneko fasea pasatzeko hor ibiliko naizela iruditzen zait». Txapelketak prestatzeko Harituz taldekoak elkartu direla dio: «Pare bat hilabete intentsibo egin ditugu, astean bitan edo hirutan geratuz, eta azken boladan gutxiago, agian txapelketa gertu dagoelako freskotasun bila hasi garelako, edo lanez lepo gabiltzalako». Tartea izan duenean etxeko lana egin duela gaineratu du.
Bertso eskolan saio gehienak binaka izan direla dio, eta saio gehienak ere bertso afariak izan direla, hau da, binaka aritzekoak. «Bakarkakoari bertigo handia izan diogu Harituzen, denok, ez gara aritzen, eta saiatu gara azken boladan gure buruari hori eskatzen. Erosoago ofizioetan aritzen naiz, baina bakarkakoari beldurra kendu diot».
Txapela janzteko faboritoen zerrendan Beñat Gaztelumendi jarri du: «Azken lau urteotan plazan erakutsi du faborito dela. Jon Maia itzuliko da txapelketara, faborito ere bada, eta Alaia Martin ere hor ikusten dut. Unai Agirrek Euskal Herriko Txapelketa ona egin du, eta hor dago Irazu ere; sorta bat badago».