Gipuzkoa bertsotan

"Aurtengo sailkatze fasearen galbahea estuagoa da; gustatuko litzaidake hori pasatzea"

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 9a, 09:05

Oihana Iguaranek bere bertsokera bihar erakutsiko du Oiartzungo udaletxeko areto nagusian, 11:30ean.

Bigarren aldia izango da txapelketan parte hartzen duela. «Ezagutzera emateko erakusleiho ona» dela dio, «eta nahiz eta ni bereziki ez nagoen lehiarako oso zentratuta, kantatu nahiko nuke eta kantatzeko une horretan oso jende ona dagoenez, agertu egin behar duzu, eta txapelketa agertzeko bide bat izan daiteke». Duela lau urte «asko uste gabe» pasa zuen lehenengo fasea eta aurten ere gustatuko litzaioke: «Aurten galbahe hori estuago dago; %60 kalera doaz edo goaz, eta gustatuko litzaidake pasatzea. Erronka dezente potoloagoa da».

Etxeko lan gutxi egin duela dio, prestaketei buruz galdetzean. «Elkarrekin artean geratzen garenean kantatuz prestatu naiz, eta hori da aproposena. Lagun artean geratzen gara, hasi gara beste bertso eskolakoekin, jende ezberdina elkartzeko, eta astero-astero, ni behintzat astean behin saiatu naiz, elkartzen abesteko».

Egun ona badu, denetan eroso aritzen dela dio, bai bakarka edo binaka, gogoz aritzen delako. «Orain dela lau urte Iparragirre zen benetan blokeatzen ninduen ariketa bat. Garbi nuen oraingoan hori gainditu nahi nuela, eta momentuz askoz erosoago iritsiko naiz. Ez daukat ariketa bat bereziki kezkatzen nauena».

Faboritoen inguruan galdetzean, eta «betikoak mapatik kenduta», puntan ibiliko dira «Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi... Eta Irazu auskalo. Izen horiek hor izango dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!