Gipuzkoa bertsotan

"Binaka edo banaka aritzeko lehentasunik ez dut"

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 8a, 13:47

Gipuzkoa Bertsotan-en estreinatuko da Haritz Mujika asteasuarra. Astigarragako kultur etxean, larunbatean, maiatzaren 9an, 11:30ean egokitu zaio bertsotan aritzea.

Lehenengo aldiz aurkeztuko da txapelketan. «Aurrekoan 15 urte nituen eta ez nintzen aurkeztu», dio. Txapelketak ez duela bere bertsokeran eta bere ibilbidean ezer suposatuko esan du. «Probatzeko asmoz noa, ahal den ondoen egiteko asmoarekin, eta aukera bat bezala hartuta». Horrelakoetan erlatibizatzen jakin behar dela gaineratu du: «Ez dut uste zerbaiten bila joan behar denik, denak dira onak, eta gu gure lekua ikustera joan behar gara». Helburu ideala sailkapen fasea pasatzea izango zen, «baina azken finean bakoitza bere bertso eskoletan non dagoen ikustea da. Erditik oso urruti ez gara egongo, gero ikusi egin behar egunean bertan zer saio ateratzen den. Azkenean norbera posizionatzeko, bagaren edo ez garen ikusteko balioko du».

Prestaketak «gorabeherekin» doala dio: «Batzuetan izaten dituzu puntu altuak eta gero beherakadak ere bai. Uste dut altuago izan naizela orain baino, baina espero dut maiatzak 9rako puntu-puntuan jartzea». Entrenamendu dezente egiten ari direla dio: «Alde horretatik konplitzen ari gara. Gero, etxean, bakarkako lana nahiko baztertuta dugu, eta alde horretatik herren egingo dugu».

Azkenaldian puntu-erantzunetan okerren dabilela ikusten du. «Bakarka aritzeari eta ofizioei ez diet beldurrik. Iparragirre doinuarekin eginbeharrekotan puntu dezente jokatzen dira eta irabazteko hainbeste aukera ez eta galtzekoa izaten da. Puntu motzak zaindu egin behar dira, baina binaka edo banaka aritzeko lehentasunik ez dut. Azkenean ariketaren araberakoa».

Txapela janzteko faboritoen zerrendan aukera dezente ikusten ditu: «Unai Agirre oso indartsu ikusten dut eta gustatuko litzaidake, uste dut merezi duela; Jexux Mari Irazu ere bai; Mantxi finalerako hautagaia dela uste dut; Beñat eta Alaia ere hor daude; horien artean egongo da seguruenik txapela».

Erlazionatuak

Tolosaldea bertsotan

Imanol Garcia Landa 2015 mai 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!