Bigarren aldia du txapelketan. «Aurrenekoan nahiko deseroso, nahiko xelebre sentitu nintzen. Galduta, egoerak gain hartuta bezala. Ez ginen oso gustura geratu». Txapelketak hasiera batean prestatzea suposatzen du beretzat: «Hobetzeko aitzakia da, ezer baino gehiago. Inoiz ez bezala elkartzen gara, eta askoz lan gehiago egiten dugu. Aukera on bat ere bada pare bat saio ondo antolatutakoak egiteko, ezertaz gehiago arduratu gabe; lagun onekin, gai onekin...».
Helburua lehenengo fasea pasatzea dela dio. «Hortxe ibiliko gara. Hori lortzen badugu, datorren udazkena arte bi hilabete prestatzen jarraitzeko. Beste dimentsio bat hartzen du eta aitzakia polita izango litzateke jarraitzeko». Prestaketak ondo doazela dio: «Hasieran bidea bilatu ezinik ibili ginen, baina geroztik dezente aritu gara, eta nahiko ondo joan dira. Bakoitza bere estiloa bilatzen saiatu da, eta ni ere saiatu naiz batez ere bi gauzetan: segurtasun gehiago izaten, erortzen garenean hainbeste ez erortzeko, eta bertsokera zehatzagoa egiten, batzuetan pixka bat galduta ibiltzen gara-eta abstrakzioetan».
Orain arte binaka sentitu da erosoago, baina aurten uste du bakarka hobeto ari dela: «Ez dakit prestaketen ondorioa den. Nahiko eroso gabiltza, agian distira handirik gabe, baina nahiko seguru behintzat». Txapeldun zein izango den galdetuta, «agian gutako bat da, eta Irazu bera ere ez da urruti ibiliko», erantzun du. «Aitor Mendiluze eta Amaia Agirre ez direnez aterako, eta pixka bat urrutirago joanda, Beñat Gaztelumendi».