Gipuzkoa bertsotan

Tolosaldea bertsotan

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 8a, 12:30

Lau urtez behin Gipuzkoako bertsolariek euren trebezia erakusten dute taula gainean eta epaileen aurrean; urte horietako bat da aurtengoa, abenduan bertsolari batek txapela jantziko baitu; Tolosaldekoa izango ote da?

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irailaren 20an hasiko bada ere, bihar Gipuzkoa Bertsotan izena jarri dioten sailkapen fasea abiatuko da. 74 bertsolarik hartuko dute parte eta horietako bederatzi Tolosaldekoak dira, Harituz bertsozale bilgunekoak: Adur Gorostidi (Abaltzisketa), Txomin Azpiroz (Anoeta), Haritz Mujika (Asteasu), Unai Mendizabal (Zizurkil), Oihana Iguaran (Amasa-Villabona), Beñat Iguaran (Amasa-Villabona), Iñigo Gorostarzu (Berastegi), Imanol Irazustabarrena (Alegia) eta Mikel Artola (Alegia).

Batzuentzat lehenengo aldia izango da, beste batzuek esperientzia errepikatuko dute. Guztiak baina, baldintza berdinak dituzte sailkapen fasea igarotzeko: bi saio egin beharko dituzte, horietako bat goizekoa eta beste bat arratsaldekoa, egun ezberdinetan. Bi saioetako puntuen batuketak emango du bertsolari bakoitzaren osoko puntuazioa eta horren arabera osatuko da sailkapena. Azken sailkapeneko lehenengo 30 bertsolariek lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatzea.

Gipuzkoa Bertsotan orotara, hilabeteko epean 24 saio izango dira, 12 herritan jokatuko direnak. Herri bakoitzean bi saio jokatuko dira egun berean, goizez eta arratsaldez. Herri horietako bat Zizurkil izango da; maiatzaren 31n egingo dira saioak, Atxulondo kultur etxean.

Saioetako sarrerak egun berean salduko dira aretoan bertan, eta leihatila 10:00etan eta 16:00etan zabalduko da. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, eguneko bi saioetako txartelak prezio berezia izango du.

Protagonistak bertsolariak izango dira, baina Gipuzkoa Bertsotan-en ere eskualdeko bestelako parte hartzaileak izango dira. Gai-jartzaileen artean Iker Iriarte, Imanol Artola eta Ion Zaldua ariko dira, eta epaileen artean Felix Irazustabarrena, Zigor Leunda eta Mikel Beloki.

Sailkapen fasea gainditzen dutenek ekingo diote Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari eta horiei batuko zaie aurreko txapelketan dagoeneko txapela lortu zutenek. Tartean Jexux Mari Irazu larrauldarra izango da, orain lau urteko finalean izan zena.

Hamar bertsolariekin hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIA-k, eta ondoko orrialdeetan irakurri daitezke txapelketari begira dituzten helburu eta nahiak, zein prestaketa egin dituzten eta nor ikusten duten abenduaren 20an Donostian jokatuko den finalean txapela janzteko faborito.

ESKUALDEKO BERTSOLARIEN SAIOAK

Maiatzak 9, larunbata

11:30. Astigarragako kultur etxean, goizeko saioan ariko dira Imanol Irazustabarrena eta Haritz Mujika.

Maiatzak 10, igandea

11:30. Oiartzungo udaletxeko areto nagusian, goizeko saioan ariko da Oihana Iguaran.

11:30. Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan, goizeko saioan ariko da Beñat Iguaran.

17:30. Oiartzungo udaletxeko areto nagusian, arratsaldeko saioan ariko da Mikel Artola.

17:30. Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan, arratsaldeko saioan ariko da Iñigo Gorostarzu.

Maiatzak 16, larunbata

17:30. Antzuolako Torresoroa aretoan, arratsaldeko saioan ariko dira Adur Gorostidi, Unai Mendizabal eta Txomin Azpiroz.

Maiatzak 17, igandea

11:30. Bergarako Zabalotegi aretoan, goizeko saioan ariko da Mikel Artola.

Maiatzak 30, larunbata

17:30. Oñatiko Santa Ana aretoan, arratsaldeko saioan ariko da Imanol Irazustabarrena.

17:30. Zumaiako Aita Mari zineman, arratsaldeko saioan ariko da Oihana Iguaran.

Maiatzak 31, igandea

11:30. Usurbilgo Sutegi aretoan, goizeko saioan ariko da Adur Gorostidi.

17:30. Usurbilgo Sutegi aretoan, arratsaldeko saioan ariko da Haritz Mujika.

17:30. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, arratsaldeko saioan ariko da Beñat Iguaran.

Ekainak 6, larunbata

11:30. Ataungo Herri Antzokian, goizeko saioan ariko dira Unai Mendizabal, Txomin Azpiroz eta Iñigo Gorostarzu.

ARIKETAK

GOIZEKO SAIOA

Zortziko handia. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso egin beharko dituzte.

Zortziko txikia. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso.

Iparragirre doinua. Binaka, gaia emanda, Iparragirreren doinuaren molde berrian (AABBAA), hiruna bertso.

Kartzelako lana. Bi punturi erantzun, zortziko txikian. Azken aurreko puntua emanda, gehienez 5 puntuko neurri handiko bertsoa osatu beharko dute.

ARRATSALDEKO SAIOA

Zortziko handia. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso.

Lauko handia. Binaka, gaia emanda, launa kopla.

Hamarreko txikia. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso.

Kartzelako lana. Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, bina bertso.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!