Hirugarren aldiz aurkeztuko da aurtengoan. Lehenengoan hemezortzi urterekin aurkeztu zen: «Kasik lehenengo saioa izan zen, hasiberria, eta ondo atera zen. Eta orain lau urte lehenengo fasean oso gustura atera nintzen, baina bigarrengoan nahiko saio txarra eginda, desilusionatuta bukatu nuen». Aurtengoari orain dela lau urtekoaren adinako garrantzirik ez dio eman: «Orduan bertsotan gehiago nenbilen eta garrantzi dezente eman nion. Aurten ez diot hainbesteko garrantzirik eman, baina horrek ez du esan nahi gutxiago prestatu dudanik. Ez dut uste orain lau urte hartu nuen hainbesteko disgustua hartuko nuenik saio txar bat egiteagatik».
Helburuari dagokionez, «aurrena gustura geratu saioarekin, eta gero fasea pasatzen badugu, ondo. Orain dela lau urtekoarekin alderatuta zailagoa da, eta ikusiko dugu zer ateratzen den». Prestaketei dagokionez, euren artean dezente elkartu direla dio. «Etxean behar baino gutxiago aritu naiz. Alfer samarra naiz horretarako».
Txapelketetan bakarka «benetan barregarri geratu» dela esan du. «Orain arte gustuen ofizioetan aritu izan naiz. Bakarka ez behintzat. Ea aurten nola ateratzen den». Faboritoen artean Beñat Gaztelumendi, Jon Maia eta Unai Agirre aipatu ditu. «Hiruak hor ibiliko dira; hortik aurrera, ikusi behar».