Gipuzkoa bertsotan

"Ez diot presiorik jarri nahi neure buruari, kalterako bakarrik izango da"

Imanol Garcia Landa 2015eko maiatzaren 8a

Imanol Irazustabarrenak lehen aldiz parte hartuko du Gipuzkoa Bertsotan fasean, larunbatean, maiatzak 9an, Astigarragako kultur etxean 11:30ean.

Lehen aldiz aurkeztuko da, eta bertso eskolan azken urteotan egindako bilakaeraren emaitza moduan ikusten du bere parte hartzea: «Ni eskolartekoetatik etorritakoa naiz, gero bertso eskolan jarraitu eta gero hurrengo pausoa hau izaten da normalean». Helburu zehatzik ez du: «Aurrenekoa izanik bertsolaritzan esperientzia gehiago izatea, eta ahalik eta ondoen egitea. Ez diot inolako presiorik jarri nahi neure buruari, kalterako bakarrik izango dela badakit. Bestela ere urduri samar izango gara horrelako konturik jarri gabe. Gero ikusiko dugu noraino iristerik dugun».

Prestaketak ondo doazela dio: «Bertso eskolan obsesio puntu bat ere sortu zen. Aste Santuaren inguru horretan ia egunero gelditzen ginen, baina orain lasaitu gara pixka bat. Saio batzuk egin ditugu hemen eta han, entrenamendu modura. Nire burua ondo ikusten dut, eta batzuk ni baino hobeto ikusten ditut, eta alde horretatik gustura eta ilusioz denengatik».

Garbi du erosoen ofizioetan aritzen dela: «Ni ondoen beti ofizioetan aritu naiz, horregatik bakarkakorako asko entrenatu dut , inoiz ez dudalako egin kartzelako ariketa bat. Estuasun puntua ematen dit, eta horregatik pixka bat gehiago prestatu dut hori».

Oraindik faboritoak zerrendatzeko goiz dela dio, abenduan zer pasako den aurreratzeko. «Puntan ibiltzen diren horien artean Beñat Gaztelumendi esan beharko, azken bietan azpitxapeldun izan baita, baina oraindik ezin da jakin abenduan zein ibiliko den ondo eta zein gaizki. Urtero izaten da ezustekoren bat txapelketan, ea gutako batek ematen duen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!