Gipuzkoa bertsotan

"Txapelketan bertsoaldi polit batzuk uztea gauza ederra da"

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 12a, 13:51

Jexux Mari Irazu larrauldarra zuzenean pasako da Gipuzkoako Bertsolari Txaoelketako bigarren fasera; orain lau urteko finalera iritsi baitzen.

Buruz buru bosgarren aldia izango du aurtengoa, eta 1999an egin zen taldekako txapelketan ere parte hartu zuen. «Niretzako txapelketak bertsotan nire burua estutzen jarraitzeko moduetako bat suposatzen du. Azkenean ataka jartzen digutenean mugitzen gara, eta plazarako egiten dena eta norbere buruarekin egindako prestaketen lan horretan, txapelketak laguntzen du taldean gehiago bildu eta buruari bueltak eman eta bertsokera fintzen. Bidean segitzeko pauso bat gehiago da».

Helburuei buruz galdetzean, txapelketara aurkeztean postuen aldetik ahal den gorena geratzea ez dela txarra dio. «Gipuzkoakoan bide bat egin dut. Finaletan beti hor egon naiz. Lantzen dudana erakutsi, eta txapelketa polit bat egin nahi dut. Luzea izaten da eta bertsoaldi polit batzuk uztea gauza ederra da. Batzuetan tokatu daiteke aurrerago edo atzerago postuetan, eta horrek ere badu eragina, baina benetako asetzea izaten da zure bertso maila ematen duzunean eta zure bertsoekin gustura geratzen zarenean». Euskal Herriko Txapelketarako sailkatzeko ere balio duela ekarri du gogora, eta horretarako ateak zabalik gelditzea polita litzakeela dio.

Bertsotan hasi zenean Hernani aldean biltzen zen, eta oraindik prestaketak egiterakoan hara gehiago jotzen duela dio. «Badaude taldeko batzuk sailkapen fasean ariko direnak, eta astean behin-edo biltzen gara; gaiak jarri eta kantatzeko dinamika horretan hasita gaude».

Zein ariketetan sentitzen den erosoago galdetuta, bere belaunaldiko bertsolariak txapelketako formatuetan ohituta daudela dio: «Batzuetan tokatuko zaizu ofizioetan hobeto, besteetan bakarka. Zu bakarrik zaudeneko egoera gehiago nabarmentzen da, eta batzuetan asetzerik gehien ematen dizuna. Aurreko Gipuzkoako txapelketan bakarka oso gustura ibili nintzen. Ofizioka ere gustura aritzen naiz. Puntu-erantzuna izan daiteke bihurriena».

Faboritoen izenak galdetzean, udazkenean parte hartzen hasiko direnen zerrenda ez dagoela oraindik guztiz zehaztuta dio. «Aurreko finalean izan ziren gehienak hor egongo dira, eta aurkari gogorrak denak izango dira. Aurrena finalean sartu behar da eta hor ere borroka handia izango da, eta sartzea egokituz gero, han ere lanak izango dira. Dozena bueltako kuadrilla batean borroka dezentea izango da. Txapelerako borroka irekia izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!