Denboraldi zaharrari agur esan diote talde nagusiek

Asier Imaz 2018ko eka. 7a, 12:28

Tolosa eta Athletic-en arteko partida Usabalen, Euskadiko Federazio Kopako finalerdietako joanekoa. A. IMAZ

Tolosa CF-k Federazio Kopa jokatu zuen joan den asteburuan; kanporaketa galdu arren, bulegoetan erabakiko da taldearen denboraldia amaitu den edo finala jokatuko duen.

2017-2018 denboraldia amaitu da eskualdeko hamar kirol talderentzat. Futbola, saskibaloia, areto futbola eta eskubaloian aritzen diren taldeak dira. Entrenatzaile eta jokalariek denboraldiaren balantzea egiteaz gain, 2018-2019ko denboraldia nola ikusten duten azaldu dute.

Deigarria da mutilen eta nesken kirolean dagoen aldea. Batez ere denboraldi berriaz hitz egiterakoan. Batzuk sailkapena dute helburu, besteek, entrenatzeko jendea izatea edo liga bera nahiko talderekin osatuko ote den jakitea.

Bai batzuek zein besteek esperantza ez dute galtzen eta hurrengo ikasturtean, aurtengoan lortutakoari zerbait gehitu nahi diote.

BI ZALANTZA

Euskal Liga amaitu da Tolosa CF taldearentzat. Liga hirugarren postuan amaitu ondoren, Federazio Koparako sailkapena lortu zuten. Kopako ligaxkan, ezustean, lehen postua lortu zuten tolosarrek, Euskal Ligako txapeldunari etxean irabazita. Finalerdietan dena amaituko zela zirudien, Athletic B-ren aurka jokatzen zutelako eta joanekoan, etxean, 3-0 galdu zutelako. Itzulerakoa joan den asteburuan jokatu zuten, eta Lezaman 1-0 galdu zuten. Zelaian 4-0ekoarekin kalean behar zuten, baina Athletic B izan zen hamaikakoan kale egin zuena. Jokalari baten fitxa ez zuen partida hasieran aurkeztu. Ondorioz, tolosarrek kexa sartu zuten, eta erabakia, bulegoetan hartuko da. Bizkaitarren aldekoa baldin bada eurek jarraituko dute aurrera, bestela, Tolosa CF Federazio Kopako finalean egongo da.

Beste zalantza Laskorain Ikastolarekin dago. Liga irabazi ondoren Bigarren B Mailarako txartela lortu zuten. Aste honetan amaitzen da maila horretan izena emateko epea. Oraingoz tituludun entrenatzailerik gabe daude ikastolakoak, eta hori, ezinbesteko baldintza da maila horretan jokatzeko.

Ander Avellaneda. Tolosa CF

«Bigarren itzulia nolakoa izan den ikusita, taldeari ezin zaio gehiago eskatu»

Iñigo Arratibel. Tolosa Eskubaloia

«Denboraldi hasieran uste genuena baino gorago geratu gara»

Joseba Balerdi. Lauburu KE Ibarra

«Hirugarren postuak Koparako sailkapena eman digu; denboraldia oso ona izan da»

Aiora Galarza. Tolosa CF

«Ez dakit oraindik lortutakoaz jabetzen garen; denboraldi oso positiboa izan da»

Luis Mendigain. Tolosa CF B

«Liga bigarren amaitu dugu eta 'play off'-ak jokatu ditugu; izugarria izan da»

Beñat Balerdi. Laskorain KE

«Bigarren B Mailan jokatzeko entrenatzailea ezin aurkitu gabiltza»

Aiora Galarza. Tolosa CF

Beñat Azaldegi. TAKE

«'Play off'-ak jokatu dituzten taldeen balantze berdinarekin amaitu dugu»

Asier Etxaniz. Billabona FKE

«Lehen urtea izateko gustura egoteko denboraldia egin dugu»

Olatz Artola. Lauburu KE Ibarra

«Lau final jokatu eta futbola gutxienekoa dela ikasi dut Lauburun»

Idoia Odriozola. Samaniego Orixe Tolosaldea

«Hurrengo denboraldian taldea ateratzea, hori da gure esperantza»

Nora Amaia Iñurrita. Anoeta FT

«Denboraldi berriari begira helburua entrenamenduak egitea da»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!