«Bigarren itzulia nolakoa izan den ikusita, taldeari ezin zaio gehiago eskatu»

Mikel Iraola 2018ko eka. 7a, 14:28

Ander Avellanedak (Tolosa, 1984) bere lehen denboraldia osatu du, Tolosa CF-rekin, lehen entrenatzaile gisa. Egindakoa begirada zorrotzarekin aztertu du.

Has gaitezen denboraldiari begirada azkar bat eginez.
Joan den urtean maila jaitsi eta gero, beldurra nuen aurtengo denboraldiaren hasieran. Dinamika negatibo batetik zetorren taldea, eta ilusio falta zegoen, gestio txar baten ondorioz. Lehen erronka dinamika horri buelta ematea zen, jokalarien ilusioa berreskuratzea, alegia. Gero, denborak esango zuen non egon behar genuen. Egia da talde ona genuela gauza politengatik lehiatzeko, baina tamalez ezin izan diogu ginga jarri.

Igoera postuak lortzea zen helburua?
Denboraldiaren hasieran neurketaz neurketa joan behar genuela esaten nuen. Entrenatzaile berriak ideia eta kudeaketa ezberdina izatea dakar, eta airean zegoen guztia. Taldea lehen postuetan izan da, eta ligaren bila joatearen helburua Aste Santuaren ondoren jarri genuen. Orduan esan genuen 'orain bai'. Zazpi partida falta ziren, eta argi ikusi genuen borrokatu behar genuela.

Beraz, helburu ez izatetik izatera. Nola eman zenioten buelta egoera horri, dinamika txar batetik etorri eta berriro ere ilusioa berreskuratzeraino?
Bost urte daramatzat talde honekin, horietako lehena jokalari gisa, eta azken lauak aulkian. Bigarren entrenatzaile izan naiz hiru urtez, eta aurten hartu dut taldearen ardura. Jende oso ona dago taldean, baina beti esan izan diet emaitza onekin oso bateratuta dauden bezala, gauzak ondo ez doazen unean asko desanimatzen direla, mentalki asko jaisten direla. Zentzu horretan nire konfiantza osoa eman nien, beraiekin enpatia bilatuz. Jokalari ere izan naiz, eta saiatu naiz niri jokalari gisa egitea gustatuko litzaidakeena egiten, eta hori kudeatzen. Akatsak egingo nituen, baina beste alor batzuetan asmatu dudala esango nuke. Uste dut taldearengan sinetsi dudala, eta taldeak nigan sinetsi duela. Eta hori entrenamendu guztietan nabaritu dut, eta zelaian lortutako emaitzek ere hori erakusten dute.

Egindako lanarekin, beraz, gustura?
Puntu bat arte bai. Hasieratik argi utzi nien arazorik bazen esateko, hitz egiteko, modu naturalean. Konfiantza da hori. Elkarrekin hitz egitea oso garrantzitsua da. Hobetzeko badago, noski, guztion partetik. Baina barne kudeaketa nolakoa izan den ikusita, bai entrenamenduetan, baita partidetan ere, gustura nago.

Begiratu diezaiogun denboraldiari. Hasieran kosta egin zen.
Hori da jendearen sentsazioa baina nik ez dut uste horrela izan denik. Lehen sei neurketetatik bost irabazi genituen. Lehen partidan azken minutuan berdindu gintuzten, eta hurrengo bostak jarraian irabazi genituen. Hasiera, beraz, ona izan zen. Egia da 7. jardunalditik 11. jardunaldira emaitzak ez zirela oso onak izan: bi porrot, garaipen bat eta berdinketa bat. 12tik 4 puntu. Hori izan da denboraldi osoko boladarik okerrena. Lau jardunaldi horietan aurkariek tartea ireki zuten eta hori aurka izan genuen ordutik aurrera. Baina bigarren itzulia sekulakoa izan da, puntu gehien lortu duen taldea izan gara. Istripu txiki bat izan genuen Irunen, eta uste dut horren ondoren taldea konturatu zela ezin zuela hutsik egin denboraldia amaitu bitarte. Ordutik aurrera partida bakoitza final bat zen. Gol askoko neurketak izan ziren ondorengoak, eta taldeak sinetsi egin zuen.

Irun aipatu duzu. Ostera, etxean bi neurketa garrantzitsu jokatu ziren, arerio zuzenen aurka: Ordizia eta Hernani. Bietan berdindu egin zenuten. Nola baloratu zenituen bi puntuak?
Bai orduan, eta orain hotzean analizatuta ere bai, uste dut puntuak oso onak izan zirela. Denboraldi ona egitearen arrazoietako bat etxean erakutsi dugun sendotasuna izan da. Ordiziaren aurkako partidaren aurretik taldeak dinamika oso ona zuen, baina baita antsietatea. Mondraren aurka 1-5 irabaztetik zetorren taldea, sekulako jokoa eginez, eta hurrengo asteburua jokatu nahi zuen. Baina Aste Santuko hiru asteko atsedena izan genuen, eta hiru astez jokatzeko gogo horiek kudeatzea ez da erraza. Ardura puntu bat ere banuen, antsietate hori ez delako ona. Eta hori zelaian nabaritu zen: partidaren garrantzia, jende asko harmailetan... taldeak ez zuen bere maila onena eman, baina hori horrela izanda ere, liderraren aurka ez zuen galdu. Eta puntua oso ona izan zen. Gero Aretxabaletari irabazi eta Hernani etorri zen. Neurketa guztiz ezberdina izan zen, irekiagoa. Horren ondoren, nik esan nion taldeari azken lau neurketak irabazten bagenituen txapeldun izango ginela, gure esku zegoela liga. Eta denborak arrazoia eman dit, Añorgako istripua kenduta liga geurea izango baitzen.

Istripua izan zen, beraz, Añorgaren aurkakoa?
Bai. Aurreko jardunaldian kosta egin zitzaigun, 87. minutuan sartu genion gola Vasconiari. Taldea ez zegoen ondo. Real Unionen aurka berdindu eta gero, taldeak aurrera egin zuen, partida bakoitza final bat balitz bezala hartuz, baina horrek mentalki asko higatu dio. Ordiziaren eta Hernaniren aurka sailkapenean jauzi bat egiteko aukera izan zuen eta ez zuen lortu, eta uste dut hori pisu handia izan jokalarientzat. Hernaniren aurka berdindu ostean taldeari esan nionean lau neurketak irabaziz gero liga geurea zela, hori bereganatzea kosta zitzaion. Baina kostata ere ideia hori zuen buruan, eta Añorgaren aurka galduta kolpe gogorra jaso zuen, aukera asko galdu genituelako orduan.

Hori izan da gakoetako bat?
Azken partida izan delako. Baina denboraldia luzea da eta fokua hasieratik bukaerara jarri behar da. Esango nuke liga ez dugula irabazi lehen itzulian puntu gehiago ez genituelako lortu. Bigarren itzulia nolakoa izan den ikusita, taldeari ezin zaio gehiago eskatu.

Pasaia igo da azkenean, atzekoz aurrerako bidea egin eta gero. Amorru puntu bat sentitzen duzu?
Banekien talde oso indartsua zela. Uste dut, banan-bana aztertuta, talderik indartsuenetako bat. Joan den urtean hirugarren mailatik jaitsi ziren, eta aurten talde sendoagoa zutela uste dut. Eta ez nuke nire taldea ezergatik aldatuko, e! (Barreak). Baina egia da amorrazio puntu bat eragiten dizula, guk bi partidak irabazi genizkiolako, Ordiziaren aurka ere biak galdu zituelako... Baina, tira, txapelduna talderik erregularrena izaten da. Azken bederatzi neurketak irabazi zituzten. Eta nik beti diot liga irabazteko sailkapeneko azken 10 sailkatuei irabazi egin behar zaiela beti, eta goiko taldeen aurka puntuak pilatzen joatea. Ba, hori egin dute.

Zer nabarmenduko zenuke taldetik?
Lehen egunetik erakutsi duten konpromisoa. Esan dut, hasieran beldurra nuen, aurreko urtetik zekarren pisuagatik. Baina beti esan izan diet, irabazi ala galdu, ezin diedala ezer aurpegiratu, astean zehar egin duten lana izugarria izan delako. Urte asko daramate elkarrekin jokatzen eta horrek ere laguntzen du.

Talde gaztea da, hala ere.
Bataz besteko adina 22-23 urtekoa izango da. Zubillaga, Lekuona, Aierbe, Garmendia... Hori etorkizunera begira oso interesgarria da.

Ander Avellaneda nola sentitu da entrenatzaile papera izan duen lehen urtean?
Sentsazio guztiak berriak izan dira niretzat, baina egiten dudana segurtasunez egiten dut. Baditut akatsak, ikasi beharrekoak, baina argi dut egin nahi dudana nola egin eta kudeatu nahi ddudan. Azkenean denboraldia motz geratu zaidala aitortu behar dut, gustura nengoelako. Emaitzek ere asko lagundu dute.

Datorren urtean jarraitzeko asmorik?
Hasiera batean bai. Zuzendaritzaren eta Igor Serrano koordinatzailearen aldetik laguntza asko jaso dut. Beraiek ere bazekiten nire lehen urtea zela. Apustua sendoa zen beraientzat, jakinda ez nuela lehen entrenatzaile gisa esperientziari. Horregatik oso eskertuta nago eman didaten konfiantzagatik.

Entrenatzaile gisa zein helburu jarriko zenioke zure buruari?
Epe motzeko helburuak ikusten ditut. Aurtengoa egin dut, eta berriz esango dut datorren urtera begira neurketaz neurketa joan beharko dugula, eta gero gerokoak. Egia da pertsonalki aurreko urtea hobetzea eskatzen diozula zeure buruari, baina ez dut epe luzera begiratu nahi. Uneaz gozatu nahi dut. Tolosa Gipuzkoa mailan garrantzia duen kluba da, eta tolosarra izanik, gainera, pribilegiatua naiz talde hau entrenatzeko aukera dudalako. Momentuz, horrekin gelditzen naiz.

Datorren urteari begira, beraz, zer esan daiteke?
Zerbait hitz egin dugu, baina ez gara eseri oraindik planifikatzeko. Jokalari batzuk ez dute jarraituko: Guijarro eta Manso kanpora doaz lanera edo ikastera; Cachenaut Realera itzuliko da... Endika Mendizabal nire laguntzaileak ere ez du jarraituko, denbora asko eskaini behar izaten zaiolako honi. Orduan, nire laguntzailea zein izango den ongi zehaztu arte, ez gara ezertan hasiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!