«Lau final jokatu eta futbola gutxienekoa dela ikasi dut Lauburun»

Asier Imaz 2018ko eka. 7a, 11:29
Olatz Artola, goian ezkerreko lehena

Denboraldi gogoangarria egin du Lauburuk. Olatz Artola entrenatzaileak lortutakoari balioa eman dio.

LIGA HONEN BALANTZEA:

Ona, dudarik gabe. Balorazioak egiterakoan emaitzei erreparatzen zaie sarritan. Eta, emaitzei begiratuz gero, balantzea ona da oso. Liga erregularra eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi ditugu eta bigarren mailarako igoeran talde lehiakorra ginela erakutsi genuen. Beraz, primeran.

Baina, hainbatetan errepikatu dugun moduan, gure lehentasuna pertsonak dira. Irabaztea baino, gure helburua norbanakoak taldearen parte sentitzea da, puzzle honetako ezinbesteko pieza direla sinistea. Asko izanik, hori ez da erraza, baina uste dut lortu dugula, eta hori bai dela garaipena. Taldekide batek esan zidan moduan: "4 final jokatu eta futbola gutxienekoa dela ikasi".

Gainera, uste dut hori gakoa izan dela emaitza onak lortzeko, irabazteko: taldean sinistea, talde izatea. Izaera horrek indarra eta batasuna eman digu, irabazteko gaitasuna. Eta, noski, teknikoki jokalariek duten kalitatea ere giltzarri izan da garaipenak lortzeko. Gainontzeko taldeak taktikoki onak dira, joko landua dute. Guk ez. Baina jokalariek abilezia propioa dute, eta kasik jaiotzetik duten talentu horri tiraka lortu dute egoera zailenetik ateratzea eta une batetik bestera partiduak erabakita uztea.

Hala ere, berriz diot, garrantzitsuena guretzat taldekide guztiak familia honetako partaide sentitzea da. Odolak ez gaitu lotuko, baina futbolaren zaletasunak batu zigun eta orain talde honen giro onak lotzen gaitu.

AURRERA BEGIRA ZER: 

Etorkizuna ezbaian dago. Eta ez guregatik. Guk helburu berbera daukagu = futbolean eta futbol-lagunekin gozatzea. Gustatuko litzaiguke kualitatiboki eta kuantitatiboki saltotxo bat ematea. Izan ere, zazpi talde besterik ez gara ligan eta dagoeneko bi urtetan gutxienez sei aldiz jokatu dugu bakoitzaren kontra. Liga anitzago eta lehiakorragoa izatea gustatuko litzaiguke, final baten tankerako partida gehiago jokatzeko. Baina partida estuagoak jokatzeko dagoen aukera bakarra ligaz igotzea da, eta senior mailatik bigarren mailara igoko ginateke, eta hori ez da saltotxo bat, baizik eta salto handi bat. Handiegia. Ez dago tartekorik. 

Hortaz, etorkizuna zintzilik egotearen arrazoia bat dator ligaren argazkiarekin, egun areto futbolak bizi duen errealitatearekin. Futbolak gazta ia guztia jan dio areto futbolari. Eta hori areto futbola ez dela kirol horren minoritarioa, are gutxiago eskualdean. Baina gure garaian emakumeek ez genuen futbolean jokatzeko aukera horren gaztetan izaten, beraz, nerabezarora arte areto futbolean aritzen ginen. 
 
Honekin ez dut esan nahi aukera sorta zabalagoa izatea gaizki dagoenik. Baina, abaniko honetan guztian futbolak du presentzia gehien, eta pena bat da hori. Ez gara hasiko hari horri tiraka, baina... Gainera, nerabezaroan, emakume askok kirola uzten dute. Ekainaren 5eko. Berrian gai hori lantzen da, besteak beste, Ainhoa Azurmendiren elkarrizketan. Berak bi faktore aipatzen ditu: generoarena  (emakumeek beste lehentasun batzuk dituzte adin horretan: bikotekide mutilarekin egon, etxerako lanak egin...) eta kualitatiboa (desabantailak gizonezkoen eta emakumezkoen kirol baldintzen artean). 
 
Eta hala da, bai. Gizartearen eskemak errepikatzen dira futbolean. Eta horrek egun argazki hau izatea dakar: Gipuzkoako senior mailan, emakumezkoen ligan, zazpi talde egotea. Zazpi talde horietatik hiru (Orixe, Anoeta eta Ibarra) eskualdekoak gara. Aurten ia laugarren bat animatu da eskualdean, ea hala den. Zeren, bestela, baten batek ez badu jarraitzen, maila desagertu daiteke.
 
Hori pena bat da guretzat. Gure lehentasuna ondo pasatzea da, baina ardura sentitzen dugu bigarren mailako kirol bat praktikatzen dugula eta, noski, emakumeak garelako. Beraz, kontziente gara inongo erreferente izan gabe, eskualdean erreferentzialtasuna lortzea ondo legokeela emakumeak ate bat gehiago zabalik izateko eta kirol hau gustuko dutenei sekula ate hau ez ixteko.
 
Gure taldeak epe-muga dauka. Oraindik ez dago idatzia, baina kontziente gara hasitakoa bukatuko dela. Pena litzake guk ez jarraitzeagatik Lauburuko emakumezkoen kategoria desagertzea. Eta oso posible da hori gertatzea, ez baitago segidarik. Gure ligako talde ia guztietan gure egoera berbera bizi dute. 
 
Ez nuke ikuspegi ilun bat izan nahi, zeren begi-bistakoa da guri kirol onek asko eman digula. Nostalgiaz begiratzen genion bizitakoari, urte zoragarriak izan baitziren bakoitzak bere koloreekin bizitakoak. Zortzi urte eta gero berriz baloiaren atzetik korrika hasi bagara, zerbaitengatik izango da. Lehen lehiakide ginenak lagun bihurtu gara. Eta orain ere pozik gabiltza baloiaren bueltan. Beraz, bizitakoa iluna ez, oso argitsua da. Horregatik animatu nahi ditugu neskak hegemonikoa denaz gain, bestelako ateak jotzera eta kirol desberdinak probatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!