Hondakinak

Gipuzkoako Aldundiak Zero Zabor herriak zoriondu ditu

Ainhoa Oiartzabal 2013ko aza. 16a, 15:24
Udalerrietako ordezkariak Iñaki Errazkin diputatuarekin, oroigarria eskuetan dutela
Gipuzkoako Aldundiak Tolosaldeko zero zabor herriak zoriontzeko ekitaldia egin du gaur goizean Orexan. Orendainekin hasitako bidea Orexak berak eta beste bost herrik jarraitu baitute: Amezketa, Aduna, Altzo, Elduain eta Berrobi. Tolosaldeko Mankomunitateak ere bat egin du ekitaldiarekin. Eneko Maioz Orexako alkateak nabarmendu du "herri txikiek konpromiso handiak" har ditzaketen adibide argia dela, eta zero zabor herri izatea ez dela helburu, bitarteko baizik. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Gipuzkoako diputatuak ere Tolosaldeko herritarrak zoriondu ditu, eta jada Gipuzkoan 40.000 lagunek konposta egiten dutela nabarmendu du.

Gaurtik aurrera Zero Zabor herri izango dira ofizialki Aduna, Altzo, Amezketa, Berrobi, Elduain eta Orexa. Orendainek hartutako bideari jarraituz, hondakinen gaikako bilketa egiteaz gain, hondakin organiko guztia ere herri barruan konpost bihurtuko dute. Aipaturiko Zero Zabor herri txiki hauek kontuan hartu, eta orain artean atez ateko bilketa sisteman hasi direnekin batera, urtea bukatzerako Gipuzkoan 123.005 herritarren hondakinak bilduko dira gaika, %70-%80tik gorako birziklatze tasak ematen dituen sisteman.

Emaitza on horiek lortzen Zero Zabor herriek eginiko lana baloratu eta herritarrek erakutsitako konpromisoa aitortzeko, oroigarri bana eman die Gipuzkoako Aldundiak goizean Orexan elkartu ziren udalerrietako ordezkariei. Iñaki Errazkin diputatuak azpimarratu du jada Gipuzkoan 20 udalerrik %80tik gora birziklatzen dutela, eta beste 20k %60 birziklatzeko konpromisoa hartu dutela. Neurri horiekin, laster herrialde osoan %60 birziklatzera iritsiko direla ziurtatu du. "Harro egoteko modukoa da".

Eneko Maioz Orexako alkatea ere pozik azaldu da herritarrek erakutsitako konpromisoarekin: "Konposta egiten hasi garenetik, urtebetean 6-7 tona hondakin gutxiago bidali dugu zabortegira".

Zazpi udalerri horietako ordezkariak eta eskualdeko beste zenbait udal ordezkarik hartu dute parte ekitaldian, Orexako hainbat herritarrekin batera.

 

Erlazionatuak

Hondakinen bilketa sistema berria erabakitzeko azken urratsak

Ainhoa Oiartzabal - Naiara Roldan de Aranguiz 2013 urr 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!