Jesus Peñagarikano alkateak herritarrak zoriondu nahi izan zituen lehenik eta behin. Era berean, kuboen %90 baino gehiago banatu dituztela esan zuen, eta oraindik jaso ez dituztenei, datorren astean oraindik aukera izango dutela gogoratu zuen. "Baldintza guztiak betetzen ditugu, ikusteko eta erakusteko sistema honek benetan balio duela, eta zenbakiak segituan irauliko dira, eta orain birziklatzen den %30etik segituan %70 edo 80ra igoko garela uste dugu", esan zuen. Era berean, udalean jakitun dira honek zalantza eta kezkak sortuko dituela, baina "uste dugu zalantza edo kezkarik nagusienak astebete edo hamabost eguneko epean argituko direla". "Konfiantza osoa dugu herritarrengan eta izugarrizko pausoa eman dugu gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiei begira", gaineratu zuen.
Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak, bere aldetik, azken hilabeteetan egindako lanarengatik herritarrak zoriondu zituen, eta sistema mota hau erabiltzen hasten den Tolosaldeko zazpigarren herria dela esan zuen. "Eskualdean 19.000 biztanle dira guztira sistema honen apustua egin dutenak eta nahiko esanguratsua da gure eskualderako. Mankomunitatean lanean jarraituko dugu gainontzeko herriei laguntza eskainiz sistema jasangarriago baten alde egin dezaten". Bukatzeko, Mankomunitatean prebentzioa lantzen jarraituko dutela esan zuen.
Iñaki Errazkin diputatuak ere emandako urratsa oso garrantzitsua dela esan zuen, eta Tolosaldeak eman duen saltoa nabarmendu zuen. "Gipuzkoan 23. herria izango da birziklapena betebehar bezala jarriko duena dena delako sistemarekin eta oso positiboa da. Bide onetik goaz, Zero Zabor herriak ere geroz eta gehiago dira, eta horrela jarraitu behar dugu", esan zuen. Ingurumenari egingo zaion mesedeaz gain, ekonomiari egindako ekarpena ere nabarmendu zuen. Izan ere, sistema honen bidez lanpostuak sortzen direla gogoratu zuen, eta kostua ere txikiagoa dela aipatu.
Ibartarrak hortaz, hasi dira atez ateko hondakin bilketa sistemarekin. Aipatu behar da herriguneko biztanleek izango duten funtzionamentutik at, landa ingurukoek, konpostajearen bidez eta ekarpen guneen bidez bideratuko dituztela euren hondakinak birziklatzera, aurrez etxean, sailkatu ondoren. Hala, bi ekarpen gune prestatu dira, kasu zehatzetan, larrialdi gune bezala ere erabiltzeko aukera izango delarik, bata Izaskunen eta bestea Egialde auzoan.
Eskualdean beste sei herritan egiten da atez ateko bilketa: Zizurkilen, Anoetan, Ikaztegietan, Iruran, Villabonan, eta Alegian.