Tolosaldeko Mankomunitateak eskualde osasuntsu eta jasangarria osatu asmoz egiten du lan, eta bide horretan pasa den astean Mankomunitatea osatzen duten herrietako ordezkariekin eginiko batzarrean hainbat neurri adostu zituzten.
Horien artean dago kartoi hondakin gehiago sortzen dituztenei, saltoki eta abarrei, kartoia biltzea. Era berean, hondakin bilketa zerbitzua ematen duen enpresarekin kontratua aldatuko dute, eta honi esker, Mankomunitateak ematen duen zerbitzuak hobekuntzak izango dituela esan dute. Eta onura horietan sartzen da, kartoia biltzeko zerbitzua.
Ibarran atez ate
Ibarran ostiralean hasi ziren atez ateko hondakin sistemarekin, eta hau ere kontratu aldaketaren parte dela aipatu dute. "Mankomunitateko batzarrak osostasunean onartu zituen zerbitzuaren aldaketak", esan dute.
Zentzu honetan, herriak lanketa eta plangintza sakonak egin dituztela nabarmendu dute. "Gauzak ondo egitearen alde ari gara lanean eta aurrerapausoak herrietan bakarrik ez, mankomunitate osoan ere nabaritzen hasiak gara", gaineratu dute. Horiek horrela, landa eremuko 19 herritan euren hondakinan egoki kudeatzeko hartutako bidea txalotu dute; 14 Zero Zabor herri daude jada, eta 5ek bide bera hartuko dutela aurreikusten dute. Atez ateko bilketa jada eskualdeko 7 herritan egiten dela ere gogoratu dute.
Fiskalitate eredu aldaketa
Fiskalitate eredua ere izan dute hizpide. Mankomunitatearen ustez, hondakinen tasaren ordainketa sortzen den araberakoa izan behar du. "Orain arteko fiskalitate ereduarekin eskualdeko herritar guztientzat ekarpen kopuru bakarra geneukan finkatuta eta beraz, ez zen islatzen herriek herritarrekin batera egindako lanketa, hori aldatu beharra zegoela ikusi genuen hasieratik". Hori dela eta fiskalitate eredu aldaketa onartu zuten azken batzarrean.
Eredu berriaren arabera, herri bakoitzari ematen zaion bilketa zerbitzuaren arabera eta sortzen duen hondakinen arabera egingo dio ekarpena Mankomunitateari. Ondorioz, argia edo urarekin gertatzen den moduan, errefusa gutxiago sortzen dutenek gutxiago ordainduko dute, eta gehiago sortzen dutenek, aldiz, gehiago.
Prebentzioari dagokionez, konpostajearen laguntzaz prebentzio proiektuak aurrera eramaten jarraituko dute.
Prebentzioa oinarri hartuta, bigarren konpostaje kanpaina bat egiten ari dira eta 1.200 konpostagailu gehiagoren ezarketa egiten ari dira. Izan ere, konpostajearen bidez, materia organikoa zabortegira ez bideratzeaz gain, sistematik ateratzen dute; kosturik eragin gabe eta ongarria emanez herritarrei. Halako lanketei esker, 2013an, %11,5 gutxiago bideratu zen zabortegira. "Beraz, ezin kendu garrantziarik herritarrok konpostajearen bidez egiten duzuen prebentzio lanari", esan dute.
Proiektu berriaren gakoa, konpostajearen ezarketa berrietan oinarritzen da, horien jarraipena ere barneratuko delarik. Eta gainera, herri bakoitzean errefusaren karakterizazioa ere egingo da. "Honek, garrantzi handia izango du, informazio baliagarri asko ematen baitu hobekuntzak egin ahal izateko", esan dute. Plangintza guzti hau, bi proiektutan bereiziko da; alde batetik, landa eremuan eta bestetik, urbanoetan eta Tolosan.
Ekonomiari dagokionez, 2014ko aurrekontua onartu da. 6.388.700 eurokoa hain zuzen ere.
2013ko likidazioari dagokionez, Mankomunitatea osasuntsu eta zorpetu gabe dagoela esan dute.
Bukatzeko Tolosan euren hondakinak egokiago kudeatzeko lanketa egiteko Mankomunitatearen laguntza izango dutela esan dute.