Zein izan da zure hitzaldiaren oinarria?
Nire lan esperientzian oinarriturik egon da hitzaldia. 20 urteko bizipenetatik ikasia kontatzen saiatu naiz.
Milaka azterketa aipatu dituzu.
Urte guzti horietan, Euskal Herrian, Espainian eta atzerrian aritu naiz lanean. Lur eta ur kutsatu ugariren laginak aztertu ditut; zabortegi eta bete lan ugari ikusi ditut; errauste plantetan lan egin dut; segurtasun zabortegiak ezagutu ditut eta horietako batzuetan lan egiteko aukera izan dut... 20 urte pasa ditut ingurune-inpaktuaren inguruko ikerketak egiten.
Eta guzti horren ondorioa zein den argi azaldu duzu.
Gure planeta nola deuseztatzen ari garen ikusita, kontuan hartu beharreko gauza ugari daude egungo bizimoduaren jasangarritasuna planteatzen dugunean.
Bizimodu horretan kontsumoak duen garrantzia aipatu duzu.
Gure kontsumitzeko moduak sortzen dituen inpaktuak aipatu ditut. Oso grafikoki. Gure planetako baliabide guztiak nola kontsumitzen goazen erakutsi dut irudien bidez. Hori, sentsibilizazio zatia izan da. Hau da, zer egiten garen ikusi, ondoren, suntsiketa horri aurre egiteko alternatibak aztertzeko.
Zeintzuk dira alternatiba horiek?
Kontsumo arduratsua, kontzientea eta eraldatzailea. Bene-benetan, gure etorkizunaren gakoa hor dago.
Gainontzean.
Jasangarritasuna zer da? Etorkizuneko belaunaldiek etorkizuna izatea. Orain arte bezala jarraitzen badugu, hori ez da horrela izango. Trantsizio ordenatu bat behar dugu, beste bizimodu batekin hasteko.
Tolosaldeko hondakinen bilketa sistema berriaren inguruan, atez atekoaren inguruan,...
Zabortegi asko ezagutu ditut. Kamioiak eta kamioiak nola joaten diren egunero ikusi dut. Baita errauste plantak ere. Beraz, birziklapenaz hitz egin dut, nire ikuspegitik beti ere. Atez atekoa egun dagoen sistemarik eraginkorrena da, baina inposizioaren akatsa dauka. Ingurumen hezkuntzaren porrota da. Inposatu aurretik edukatu egin behar da, eta ondoren bai, neurri guztiak jarri. Amaieran, ondorio honetara iritsiko gara: Bide zuzena hartzeko, zigorpean jarri behar al gaituzte? Hori da amaieran bota dudan hausnarketa.
Zein da hausnarketa horri ematen diozun erantzuna?
Hezkuntza zuzena.
Zure bizitza guztiko esperientzian, ikusi al duzu hori?
Zoritxarrez ez. Epe motzean hartu behar diren erabakiak hartzeak beldurra ematen digu. Eta horrela ez baldin badugu egiten, gure txikien etorkizuna zalantzaz beterikoa izango da.