Alde batetik, Tolosaldea Txukunek Idema enpresaren ikerketaz hitz egin zuen. Tolosako Udalak azterketa honen bigarren fasea asteartean aurkeztu zuen herritarren aurrean, Topic-en. Amantegik bi ondorio atera zituen ikerketatik: «Alde batetik, argi gelditu da derrigorrezko bosgarren edukiontziak bakarrik gainditzen dituela baldintza guztiak. Alderatutako sistema guztietan onena bezala agertzen da. Bestalde, atez atekoaren inguruko sistema bakar bat ere ez da ekonomikoki jasangarria».
Tolosaldea Txukuneko bozeramaileak beste bi irakurketa ere egin nahi izan ditu: «Idema-ren txostenak Tolosa aparte dagoen uharte bat bezala aztertzen du, kontuan izan gabe, hondakin bilketa eskualdean mankomunitate moduan egiten dela. Horrez gain, Tolosaldeko Mankomunitateak errekurtsoak optimizatzen dituela onartzen du ikerketak, batez ere herri txikienak mesedetuz».
Idema-ren ikerketaren datuak ere hizpide izan zituen Patxi Amantegik atzokoan, «ordaindu duenaren aldeko makillajea» nabari dela esanaz: «Datu objektibo bezala ematen dira neurtzea zailak direnak, estimazio formula erabiliz; erabili diren karakterizazioak Gipuzkoako Foru Aldundiak eginak dira, Gipuzkoa Zero Zaborrek beraz eta jartzen den sistema jarrita ere, herritarren aurkakotasuna sortuko duela dio. Hori egia da, baina ez portzentaje berdinetan. Adibide bezala, Legazki aipa genezake. Bertan, bosgarren edukiontziaren alde %80 agertu zen». Horrez gain, Tolosaldea Txukuneko bozeramaileak CO2aren isurtzeak aipatu zituen. Kalkulu horiek zabortegiak kontuan hartuta egin direla esan zuen, eta Europako legediaren arabera, zabortegiak itxi egin behar direla gogoratu zuen.
Atez atekoaren aurka gogor hitz egin zuen Patxi Amantegik, eta herritarrengana ez iristearen arrazoia ez dela Bilduren komunikazio arazo bat izan, gizarteak hasieratik ikusi zuela atez atekoa «fartsa bat» zela esan zuen Amantegik.
Tolosaldea Txukunetik birziklatzearen alde daudela argi utzi nahi izan zuten, eta herritarrak horretan jarraitzera gonbidatu zituzten: «Etxeetan hondakinak egoki aukeratzen joan, ondoren dagozkien edukiontzietan botatzeko». Etorkizun jasangarri batekin konpromisoa azaldu zuten, eta jasangarritasun horrek ekonomikoa, ekologiakoa eta gizarte mailakoa izan behar duela aldarrikatu zuen Amantegik.
Tolosaldea Txukunen agerraldian EAJ eta PSE-EE alderdiko udal ordezkariak egon ziren, besteak beste, Olatz Peon, Maria Angeles Lazkano eta Jose Ignazio Asensio. Plataformako bozeramaileak eskualdeko hainbat udal aipatu zituen, bai kritika egiteko eta baita zoriontzeko ere. Lehenik eta behin, Tolosako Udalari ausardia eskatu zion Amantegik, bizilagunentzat erabaki zuzenena hartzeko garaian. Horrez gain, Tolosaldeko Mankomunitatean duen pisu handia probestu dezala eskatu zion udalari Tolosaldea Txukuneko kideak: «Idema-ren txostena gainontzeko alkateei erakusteko eskatzen diogu, elkarrekin ondorio berdinetara iristeko. Ez dauka logikarik Ikaztegietako eta Ibarrako udalak atez atekoaren alde burugogor jarraitzeak, sistema garestiagoa eta eraginkortasun gabea dela demostratu denean».
Azkenik, Tolosako Udalari, Zero Zabor politikaren eta hondakin bilketa sistema arrazional baten arteko oreka bilatzea eskatu zion Amantegik. Bide horretan, Berrobiren eredua azpimarratu zuen Tolosaldea Txukuneko bozeramaileak: «Euren hondakin organikoa edukiontzien bidez gestionatzen dute. Bosgarren edukiontzia erabiltzen duen lehen Zero Zabor herria izan daiteke Berrobi. Tolosaldea Txukunetik ekimen hori txalotu nahi dugu».