Gipuzkoako hainbat herritan jarri duten hondakin bilketa sistema berria ezagutzera etorri zen Zero Waste England taldeko kidea. Bere helburua, bilketa eredua Ingalaterrara eramatea dela esan zuen: «Ingalaterran arazo bat dugu hondakinekin, eta jendea ez da horren jabe. Niretzat oso garrantzitsua da bidaia hau. Adibide desberdinak ezagutu eta txosten bat egin nahi dut, ondoren, zero zabor taldearen bidez Ingalaterrako udal eta gobernu desberdinei aurkezteko».
Eskualdeko egoera erakusten, Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko kidea eta Gorka Egia Orendaingo alkatea izan zituen Harmer-ek. Berastegin, auzo konposta eta norbanakoak egiten duena erakutsi zizkioten Harmer-i, baita errefusa nola biltzen duten ere. Mankomunitateko kidearen esanetan, poz handia sentitu zuen bisitaren berri izan zuenean: «Gu ere horrela ibili ginen eskualderako eredu baliagarrien bila Nafarroan eta abar. Orain gure eskualdea eredugarri izatea, eta beste batzuentzat lagungarri eta adibide dela ikustea, oso pozgarria da». Kudeaketa berri bat posible dela erakutsi nahi izan zion Azkuek Zero Waste England taldeko kideari: «Aldaketa errealitatea da, eta horretarako aukerak egon badaude. Mezu hori erakutsi nahi diogu. Hobekuntzak egin beharrean gaude, baina posible da hondakinen kudeaketa egoki bat egitea».
Berastegitik Orendainera joan ziren, izan ere, Christopher J. Harmer-ek herri hori ezagutu nahi zuen bereziki: «Badakit posible dela %80-90 birziklatzea, nik neuk horrela egiten baitut. Instituzioek hori ezinezkoa dela esaten digute guri, eta hemengo adibide zehatz hauekin egin daitekeela frogatu nahi diegu». Eskualdean bildutako informazioa parlamentuan aurkeztuko dute Zero Waste taldeko kideek, eta Gorka Egiak, herri txikien garrantzia azpimarratu nahi izan zuen ostiraleko hartu-emanean: «Jendearen gehiengoa hirietan bizi baldin bada ere, herri txikiak gehiengoa dira. Herri txikietan erraz jarri daitekeen sistema bat da, beraz, gauzak ongi egitea ez da hain zaila».
Orendaingo alkatearen esanetan, hondakin organikoaren sailkatzeak ez dio modu bati bakarrik erantzun behar, hau da, elkar osatzen diren ereduak bilatu beharra daude, beti ere, «herritarrenganako erosotasuna kontuan hartuta». Bestalde, Gorka Egia alkateak ekonomiari ere begiratu zion hondakin kudeaketa berria aztertzerakoan: «Helburua zero zabor izatea da, baina horrek zero gastu izatera eraman behar gaitu. Horretarako bilketa ongi diseinatu behar da, mankomunitateari ordaindu behar izaten diogun hori, gutxitzeko».
10.000 milioi euroko aurrezkia
Eskualdeko ordezkariekin egon ondoren, Christopher J. Harmer Zubietara joan zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kideekin. Hauek, aurrez, Orendainen egon ziren, eta eskualdeaz hitz egiteko tartea hartu zuen Imanol Azpirozek. «Tolosaldean aurrepen izugarria egin dute, baina oraindik herri handiena gelditzen da: Tolosa. Herri txikien eredua oso ondo dago. Organikoaren kamioia ez joate hutsa izugarrizko aurrezkia da, eta onura hori Gipuzkoa osora bideratzen da».
Herri txikien adibideak handiak presionatzen dituela esan zuen Azpirozek, beste alde batetara inork ezin baitu begiratu: «Birziklatzea baldin badago, birziklatu egin beharra dago, eta hori erakundeek baliabide guztiak jarri behar dituzte horretarako».
Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko kidearen esanetan, azken hiru urteetan 10 milioi euro aurreztu dira hondakin kudeaketaren aldaketarekin. «Zabortegira isurtzen ziren hondakin tona kopuruak behera egin du, nahastuarenak. Organikoa, aldiz, asko igo da, eta erdia bakarrik ordaintzen denez, diru asko aurreztu da. Birziklapenaren bidetik goazelako lortu dira zenbaki hauek, eta ingurumen aldetik garrantzitsua dela azpimarratu behar da, baina ez da ahaztu behar, ekonomikoki ere bide onetik goazela. Eta hemen dago froga». Hondakinen kudeaketa zentzuduna, arlo ekonomikoan ere egin beharra dagoela aldarrikatu zuen Intxaurrandietak.
Datu guzti hauek jaso zituen ostiralean Christopher J. Harmer-ek. Bere esanetan, emaitza hauek «ezinezkoak» direla uste dute Ingalaterran. Bertara itzultzean, hori ez dela esango du Harmer-ek, eta «niri ez baldin badidate sinisten, hemen gertatzen ari dela esango diet, eta hori, errealitate bat dela».