«Herri horietan, datuak iraultzea lortu da, eta hori ikusirik, Ikaztegieta herriak ere garbi du zein den jarraitu beharreko bidea», esan du Mankomunitateak. Atez ateko bilketa sistema ahalik eta egokien zabaltzeko, herritarren artean batzar informatiboa egin zuten iragan ostiralean eta larunbatean. Horrez gain, aste honetatik aurrera, ikaztegietarrei zuzenduta egongo den informazio bulegoa zabalduko dute.
Asteburuko batzarretan, Iker Otamendi alkateak udalak atez atekoaren alde egiteko arrazoiak aipatu zituen, hala, ingurumenarekiko errespetua, herritarren ongizatea, bideragarritasun arrazoiak eta arrazoi ekonomikoak aipatu zituen Otamendik. Teknikariek, aldiz, gaikako bilketaren berri eman zuten, aspektu teknikoak azalduz. Hori horrela, bertan azaldu zenaren arabera, Ikaztegieta bitan banatu dute. Alde batetik, landa inguruak identifikatu dituzte, eta bestetik, herriko nukleoa. Bi hauetan, sistemak «aldaera batzuk» izango dituela esan zuten: «Hondakinen bilketa efizienteagoa izan dadin, landa ingurukoentzat bi ekarpen gune izango dira, eta bertara eramango dituzte euren hondakinak, gaika sailkatuta. Gune hauetan sartu ahal izateko, giltza izango dute herritar hauek, eta nahi dutenean erabili ahalko dituzte».
Herriko gunean bizi diren herritarrek, berriz, portal edo ate ondoan kuboa utziz funtzionatuko dute. Egun bakoitzean, iluntzean, dagokion hondakina aterako dutelarik. Herritar hauek, emergentziaren bat dutenean edo hondakin kopuru handiak dituzten egunetan, landa eremukoen ekarpen gune horiek erabiltzeko aukera ere izango dute.
Alegiarekin duen gertutasunarengatik eta bilketa lanak errazago egiteko, bertako egutegi bera izango du Ikaztegietak ere. Kubo motak ere berberak izango dira, eta orokorrean, sistema bera izango dela jakinarazi dute udaleko eta mankomunitateko ordezkariek.Ikaztegietaren kasuan, teknikariek zera jakinarazi zuten: «Edifikazio ez oso altuak izatean, kuboak zutabeetan zintzilikatu ordez, lurrean uzteko aukera eman diete herritarrei gehien bat. Hala, egunean zehar ez da ezer egongo kalean». Teknikari taldeak, euren proposamena egin dute, kuboak non utzi adieraziz, argazki muntai batekin. Argazki hauek, portal bakoitzean egongo dira ikusgai, eta azaroaren 5a arte izango dute ikaztegietarrek, euren aldaketak edo ekarpenak egiteko aukera.
Paperaren edukiontzi komunitarioa nahi duten etxebizitzek, egun horretararte izango dute beta, honen eskaera egiteko. Alegazioak eta eskaerak egiteko zein edozein galdera edo informazio eskuratzeko, informazio bulego bat izango da irekita, Ikaztegietako Udalean. Astearteetan goizeko 09:00etatik 11:00etara eta asteazkenetan arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Bertan, hezitzaile bat egongo da, eta atez atekoaren inguruko azalpen guztiak emateko prest izango da. Bertaratu ezin dutenek, ikaztegieta@tolosaldea.org edota honako zenbaki honetara deituta dezakete: 661 55 97 57ra.
Azkenik, behar bereziak dituzten herritarrekin, udaleko gizarte langilea jarriko dela harremanetan adierazi dute.