Korrika 19 -2015-

Zerkausia, euskararen eta kulturaren lapiko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 19a, 13:37

Iaz Piknikaren egitasmoak uztartu zuen azoka kulturarekin; larunbatean, euskara izango da oinarri.

Sormenetik egitasmoa izango da, larunbat goizean, Zerkausi azpiko ontziratokian

Euskara protagonista izango da, larunbatean, eskualdean. Ama hizkuntza askorentzat; bigarren hizkuntza hainbatentzat, eta etorkizuneko helburu ere bai, zenbaitentzat. Baina guztiak korrika elkartuko ditu grina berberak.
Lasterketaren grina mantentzeko, egitasmo berezia izango da, Zerkausi azpian, ontziratokian: Sormenetik egitasmoa. Euskara oinarri sendo izanda, kulturak eta azokak eta bat egingo dute, eta hamaika joera, afizio eta jardueretako herritarren elkargune bilakatuko da txokoa.

Lapiko bat eta sormen amaigabea

Tolosa eta Uztaritzeren (Lapurdi) arteko senidetzea indartuz, lapurtarrak bertaratuko dira Tolosara, eta azoka ezagutzeko bira bat egingo dute lehenik; baserritarrekin egoteko aukera ere izango dute.
11:00etatik aurrera, berriz, ontziratokiak hartuko du protagonismoa, bigarren Lapiko Fest aurkeztuko baitute Jone Amonarrizek eta Unai Olaldek eta, ondoren, Eñaut Elorrieta musikaria ariko da Zerkausipean; Katixa Pereak, Xabier Zeberiok eta Joxi Ubedak elkarrizketa egingo diote, eta akustikoan zenbait kantu eskainiko ditu. Azkenik, Ahoz aho jaialdiko antolatzaileek ere ipuinak kontatuko dituzte.
Goiz osoan barrena, gainera, azokako produktuak dastatzeko aukera izango da, eta Banaiz Bagara elkarteko euskara ikasleak ariko dira zerbitzari lanetan.
Azkenik, aipatzekoa da Euskal Herriko Burruntzi Txapelketak ere Trianguloa hartuko duela bihar goizez; girorik ez da faltako, beraz.

 

_____________________________________________________________________________________

Lore Aristizabal • Uztaritzeko zinegotzia

«Senidetzeak aukera aunitz uzten dizkigu, eta gauzak zehaztera goaz»

Mende laurdena pasatxo da, jada, Tolosa eta Uztaritze (Lapurdi) senidetu zirela. Azken urteotan saretzea indartzeko ahaleginetan ari dira bi herriak, eta etzi Tolosan izango dira Uztaritzeko udal ordezkariak, herriko hainbat gizarte eragiletako ordezkariekin batera.

Tolosa bisitatuko duzue larunbatean. Zein jarduera egiteko asmoa duzue?
Uztaritzeko bost elkarterekin joango gara, eta azokaren bisita gidatua egingo dugu goizean. Ondoren, Lapiko Festen aurkezpenean ere bertan izango gara, eta gero bazkari bat egiteko proposamena egin ziguten, Tolosako beste zenbait elkarte eta eragile ezagutzeko helburuz.

Itzali samar zen senidetzea berpizteko lanean ari zarete. Zertan da harremana?
Senidetzea 1989an sortu zen, baina herriko etxeko, udaleko, aldaketekin senidetzea itzaltzen joan zen pixkana. Baina, guk iaz hauteskundeak irabazi genituen, eta gure egitasmoan agertzen zen senidetze hori berpizteko gogoa. Beraz, hauteskundeak irabazi ondoren, zuzenean harremandu ginen Tolosako Udalarekin. Hasiera batean, horrela, bi herriko etxeen artean hasi gara lanean. Era berean, aipatzekoa da bere garaian sortu zela, hemen, senidetze hori sustatzeko elkarte bat; horregatik, elkarte hori indartzen ere saiatu gara azkenaldian, senidetzea herritarren mugimendua izan dadin, ez bakarrik udalen arteko lotura. Modu horretan, bihar helburu horixe bideratuko dugu, Tolosa eta Uztaritzeko elkarteen arteko harremanak bultzatuz.

Zer eskain diezaioke herri batek besteari?
Zaila da erantzutea, senidetzea biziki zabala izan daitekeelako. Aukera aunitz uzten dizkigu, eta gauzak zehaztera goaz Tolosara. Baina, aurreikusten diren lehen ekimenak herriko festen inguruan izan daitezke, bai Tolosa eta bai Uztaritzen urtero antolatzen diren egitasmoen inguruan harreman hori saretuz. Guk, adibidez, irailean antolatuko genuke elkarteen egun bat, senidetze hori martxan jartzeko.

Ezinbestekotzat duzu Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko sare horiek indartzea?
Bai, bai, dudarik gabe. Hauteskunde garaian, senidetzea berpiztearen beharra gertu genuelarik, Uztaritzeri senidetzeak ekarriko liokeen aberastea nabarmendu genuen. Baina, halaber, ez da dudarik, Euskal Herriaren eraikuntza nazionalari begira ere, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura hori azkartzeko beharrezkoa dela, Udalbiltzarekin elkarlanean.

Erlazionatuak

Korrikak ez du etenik

Ataria 2015 mar 23

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!