Korrika 19 -2015-

"Ikaragarri laguntzen dute herrietako batzordeek"

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 15a, 11:44

Martxoaren 21ean eta 22an igaroko da Korrika Tolosaldetik. Lehenengo aldiz ari da Amaia Goikoetxea (Zizurkil, 1986) Korrikaren Tolosaldeko koordinatzaile lanetan. Esperientzia ona izaten ari dela dio, eta herrietako batzordeetan dagoen jendearen lana nabarmendu du.

Zer moduz doa koordinatzaile izatearen esperientzia?

Aurretik antzeko mugimendutan ibilita nengoen, orain dela urte batzuk herriko Korrika batzordean, edo Kilometroetan boluntario gisa laguntzen, baina koordinatzaile gisa nire lehenengo esperientzia da, eta nahiko gustura. Egunak gainera datozen neurrian, lana pilatzen zaizu, baina gustura, esperientzia ona izaten ari da.

Xehetasun pila bat izango dira, ezta? Eskualdean 28 herri daude eta horrek ere lana handitu egingo du.

Nazio mailan eta Gipuzkoa mailan erabakitzen diren kontuak gero zuk transmititzen dituzu eskualdera. Eta egokitu egin behar duzu lana. Eskualde batzuk beste batzuk baino handiagoak dira, beste batzuk txikiagoak dira, eta gure kasuan, herri txiki asko gara. Horretara egokitu behar duzu. Eta nik aurten zorte handia izan dut, Korrikak eskualdeko herri asko zeharkatzen baititu. Batzuetan, urtearen zirkunstantzien arabera agian herri bateko jendea inplikatzea ez da hain erraza, bakoitzak bere bizia eta bere lana duelako. Egia esan aurten Tolosaldeko batzordea dinamizatzen dudan aldetik zortekoa kontsideratzen naiz, jende asko hurbildu da herri bakoitzetik.

Nolatan iritsi zara koordinatzaile izatera? Irakasle moduan ere ari zara AEKn, eta agian hortik sortuko zen aukera?

Justu kontrako bidea izan da. Banekien AEKn norbaiten bila ari zirela Tolosaldeko koordinazio lanak egiteko, eskaini zidaten eta hartu egin nuen. Nik banuen AEKn irakasle izateko ikastaro bat egina, eta bide batez irakaslea behar zuten eta hortik etorri zen eskaintza.

Nola dago antolatuta AEK Tolosaldean?

Egoitza nagusia Andoainen dago. Duela urte batzuk Tolosan zegoen eta gero Andoainera mugitu zen. Beraz, Tolosaldeko herriak Andoaingo egoitzak hornitzen ditu. Bertako irakasleak mugitzen dira herrietara, eta badaude eskolak Iruran, Anoetan eta Zizurkilen. Ni Iruran aritzen naiz.

Ikasleek modu berezian bizitzen dute Korrika?

Gu ere saiatzen gara hori plazaratzen. Gure eskoletan ere bideratzen dugu ikaslea Korrika zer den ezagutzera, Korrikan nolabaiteko inplikazioa izan dezan. Hemengo jendeak gutxi gorabehera badaki zer den Korrika, baina baditugu atzerriko ikasleak. Urte batzuk daramatzatenek badakite zer den, baina beste batzuk ez, eta horiei arrotzagoa egiten zaie. Eta horiei ere polita da esatea «begira zer den, eta zer egiten dugun». Kanpotik datorrenarentzat arraroa izan daiteke euskararen alde horrelako korrika saio bat hamar egunez, etengabe, egitea, eta jendeak parte hartu nahi izatea.

Milaka pertsonek parte hartuko dute. Nola antolatzen da hori? Herrietan sortzen diren batzordeek asko lagunduko dute horretan, ezta?

Bai, ikaragarri. Gu bi astetik behin biltzen gara, eta hor erabakitzen dugu zer zeregin eman behar diren aurrera eskualde mailan, eta herri mailan. Lehenengo izaten da Korrikak dituen kilometroak diruz laguntzea, hau da, lekukoa eramateko diruz lagundu behar da. Hori aurrera eramateko batzordeen laguntza oso garrantzitsua da. Guk baino hobeto kontrolatzen dute zer eragiletara jo, non kokatu, bakoitzaren egoera zein den… Batzordearen ukitua oso garrantzitsua da. Batzorderik ez dagoenean gure artean konpondu behar gara. Gero herri apainketa dela, kartelak jarriz, material salmenta dela… Kilometroak diruz laguntzeaz gain, badaude beste egitasmo batzuk ere. Norbanakoak 12 euroren truke Korrika Laguntzaile txartela eskuratzen du, eta horrekin deskontuak ditu 300 komertzio baino gehiagotan. Gero Korrika lagunak daude: komertzioek bere apurtxoa ematen dute. Bi kanpaina horiek aurrera eramateko batzordeen laguntza oso preziatua da.

Tolosaldeko 28 herrietan batzordeak sortu dira?

Ibilbidea pasatzen den ia denetan batzordea sortu da, edo behintzat ordezkari bat etorri da, bere ahalegina egitera. Gero herri bakoitzak neurtu behar ditu bere indarrak. Batzordean hamar pertsona badaude, eta bakoitza elkarte batekoa bada, gauza gehiago egin ahal izango dira dira. Herri batetik ordezkari bat badatorkigu eta ahal duen horretan lagundu badezake, oso ongi etorria izango da.

Ibilbideari dagokionez, beraz, urte askotan Korrika pasatzen ez zen hainbat herritatik igaroko da aurten.

Bi egunetan igaroko da eskualdetik Korrika eta zenbait herrietatik ez da aspaldi pasa. Herri horietako jendea ere ikusten da eskertzen duelako, eta nik uste herri horietan berezia izango dela.

Martxoaren 21ean sartuko da eskualdean Korrika. Nafarroatik etorri eta Berastegira sartu. Herrigunean goizeko seiak inguruan izango da. Ez da ordurik errazena korrikan egiteko.

Agian ez, baina denak animatzen ditugu parte hartzera. Gainera, Berastegin sekulako giroa izango da, Gazte Festak ospatzen ariko baitira. Horrez gain, Korrika zapaltzen duen lehen Gipuzkoako herria izango da Berastegi. Ordua hor dago, baina inoiz ez dakizu noiz tokatuko zaizun eskualdean. Orokorrean horren txarra ez zait iruditzen, asteburua baita, eta Berastegin parrandan jarraitu nahi duenak Tolosara jaitsi besterik ez du Korrikarekin. Egun horretan eskualdetik ia lau ordu egingo ditu Korrikak, eta Andoainetik 9:50tik inguru aterako da.

Gero, hurrengo egunean, martxoaren 22an, gauetik pasako da eskualdetik. Bidania-Goiatzetik sartuko da Korrika eskualdera.

Bai, Bidania-Goiatzetik 22:05 inguruan pasako da, eta Ikaztegietatik aterako da ibilbidea. Azkenean gustu guztietarako dago aukera. Goizean korrika egin nahi duenak martxoaren 21ean du aukera eta gautxoria denak martxoaren 22an.

Guztia 53 kilometro dira osatuko direnak eskualdean. Nola doa kilometro horiek guztiak diruz laguntzeko kanpaina?

Nahiko ondo doa. Ia denak saltzear dauzkagu. Gero herri batzuetan gertatzen da kilometro dezente daudela. Berastegin, adibidez, kilometro pila bat egiten ditu Korrikak. Leitzatik ateratzen denean, dagoeneko Berastegi da.

Zenbat jende espero duzue ariko dela korrikan?

Nik uste dut jende asko animatuko dela. Batetik herri batzuk badira Korrikak zapaldu ez dituenak, eta nik uste gogo horrekin jendea kalera atera eta korrika egingo duela, bai Berastegi, Elduain, Berrobi eta Belauntzan, bai Bidania-Goiatz eta Albizturren. Gainera, azken honetan herritik igaroko da. Gero Tolosan goiz samar sartzen da, zazpiak inguruan, baina jendea animatuko da. Leku batzuetan ari dira ekitaldiak antolatzen egun berean.

Hori izaten da festa horren beste alderdi bat: herrietan ere ekitaldiak antolatzen direla Korrikarekin bat eginez.

Batzorde askotan aipatu dena izan da, behin Korrika pasa dela aprobetxatuz, ez dadila geratu horretan, Korrika pasa da eta kito. Bada, leku askotan, eta orduaren arabera, ari dira gosariak edo afari-meriendak antolatzen. Gero, Tolosan adibidez, Galtzaundi Euskara Taldea Sormenetik izeneko ekitaldi bat zuen antolatuta, eta Korrika kulturalean barruan sartu da. Martxoaren 21ean izango da, eta azokatik itzuli bat egingo da, gero Lapikofest ekimena aurkeztuko da, eta azkenik Eñaut Elorrieta ariko da Zerkausiaren azpian.

Korrikan aldarrikapena, festa eta AEK diruz laguntzea uztartzen dira.

Batetik AEK-k euskara irakasteko eta euskalduntzeko eragile bat denez, lan horretan jarraitzeko babes handia ematen du Korrika egitasmotik lortzen den laguntza. Bestetik, euskalgintzari ematen dio horrelako jai batek, euskara horrela plazaratzeak, susperraldi edo bultzada bat.

Zer egin dezake Korrika lagundu nahi duenak?

Batzordeen lana nahiko aurreratua dago, baina beti laguntza ondo etortzen da, besteak beste, Korrikaren egunean zerbait antolatu bada herrian. Norbaitek lagundu nahi badu Andoaingo euskaltegiarekin harremanetan jarri daiteke eta guk bideratuko genuke.

Zuk nola biziko duzu Korrika?

Ni autoan egongo naiz. Berastegitik hasi eta Andoain arte eta gero Bidania-Goiaztik Ikaztegietaraino, furgonetaren aurrean doan autoan izango naiz, ibilbidea markatuz.

Erlazionatuak

Korrikak ez du etenik

Ataria 2015 mar 23

Zerkausia, euskararen eta kulturaren lapiko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mar 19 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!