Gipuzkoako parrileroen lahiaketa izan zen, duela bi urte inguru, Tolosan, eta handik irten zen, hain zuzen, Euskal Herriko burruntzi lehiaketa ere Tolosan ospatzeko ideia. Gaur bertan aurkeztu dute egitasmoa, eta datorren martxoaren 21ean hartuko du Trianguloa plaza.
Hasier De los Rios azoka zinegotziak egin du aurkezpena eta, bere albian, Jakitea elkarteko Xabier Zabaleta eta Etiopia Utopiako Imanol Apalategi izan dira. "San Jose egunaren inguruan arkumea jatea tradizioa da Euskal Herrian, eta haragi ederra dastatzeko aukera izango dugu", azaldu du De los Riosek. Burruntzi lehiaketarekin batera, gainera, artilea lantzen duten artisauen erakusketa eta ardi gazta ekoizleen postuak ere izango dira.
Goizean goizetik festa giroa nagusi izango da herrian, izan ere, 08:00ak edo 09:00ak aldera piztuko dituzte suak, arkumeak erretzeko: "Bakoitzak hiruzpalau arkume erreko ditu, eta antolatzaileek ikatza eta burruntziak eskainiko dizkiete parte hartzaileei. Horrez gain, bakoitzak bestelako erregaiak nahiz osagaiak ekarri ahal izango ditu", argitu du Zabaletak.
Gaur egun burruntziarekin lan egiteko ohitura gehiena Gipuzkoak eta Bizkaian dagoela azaldu dute eta, horrela, orain arte izena eman duten gehienak ere bi herrialde horietakoak dira; ez, ordea, guztiak. Frantzisko Lakar (Nafarroa), Angel Garate (Bizkaia), Urko Garate (Bizkaia), Jose Angel Behin Arriola Olaizola (Gipuzkoa), Juan Bautista Etxabe (Gipuzkoa), Mikel Erkizia Bengoetxea (Gipuzkoa) eta Joxean Lasa eta Juantxo Prieto (Gipuzkoa) izango dira parte hartzaileetako batzuk. Azken horiek 2013an Donostian ospatutako lehen lehiaketan txapela jantzi zutenak dira.
Aipatzekoa da, Euskal Herriko II. Burruntzi lehiaketan parte hartu ahal izateko izen-ematea zabalik dela oraindik eta, astelehenetik aurrera, www.jakitea.com atarian aukera izango da horretarako.
Gastronomia eta elkartasuna, eskutik
Behin arkumeak behar bezala erreta, prestatutako jakiak dastatzeko garaia iritsiko da eta, 12:00etan salgai jarriko dituzte arkume pintxoak, edariarekin batera, 2 euroren truke. Herritarrei saldutako pintxoekin bildutako irabaziak Etiopia-Utopia elkartera bideratuko dituzte, Wukro izeneko herrian errekak bideratu eta hango nekazaritza-bizitzari laguntzeko.
13:00ean, berriz, sari banaketa egingo dute. Erabakia hartzearen ardura bi harakinena, Basque Culinary Center-eko irakasle batena eta bi sukaldarirena izango da.
Horrenbestez, Hasier De los Riosek martxoaren 21ean "Tolosara jendetza bertaratzea" espero du: "Giro ederra izango da, Korrika ere egun horretan pasako baita eskualdetik, eta Galtzaundik antolaturiko egitasmo bat izango da Zerkausi azpian. Anima dadila jendea beraz, burruntzian egindako arkumea dastatzera".