Korrika 19 -2015-

Hemen da Korrikaren zirrara berriro

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 6a, 11:44

Mujika, Etxeberria, Amundarain eta Azpiroz korrikazale berastegiarrak.

Hogei urte baino gehiago badira Korrika ez dela pasa eskualdeko zenbait herritatik, Berastegi eta Bidania-Goiatz, esaterako.

Laster hasiko da Korrika 19 martxan, hil honetako 19an, hain justu. Urepelen hasiko da Korrika; euskararen lurraldea zeharkatu eta euskararen alde 2.500 kilometro egin ostean, Bilbon bukatuko da lasterketa. Tartean, noski, Tolosaldetik igaroko da, eta aurtengoan ibilbidea berezia izango da, urte askotan pasa ez den zenbait herritatik pasako delako: Bidania-Goiatz eta Albiztur, batetik, eta Berastegi, Elduain, Berrobi eta Belauntza, bestetik.

Berastegiko Miel Etxeberriak gogoan du Korrikaren lehen edizioa, 1980an egindakoa, herritik igaro zela. «Jendeak ez zuen ezagutzen eta gure aurreneko pausoa izan zen tabernatara joan, udaleko zinegotziekin hitz egin... pixka bat ezagutarazi zer zen Korrika», ekarri du gogora Etxeberriak. «Horixe izan zen orduan Tolosaldeko koordinatzailea zen Dina Bilbaok esan zigun lehen kontua. Jendeak hasieran errezeloz erantzuten zuen, baina azkenean sekulako taldea sortu genuen». Ekitaldian bertan ere jende askok parte hartu zuen lehen edizioan.

Jabier Mujika berastegiarrak gogoan du lekukoa eramatea egokitu zitzaiola, Korrika herritik igaro zen hasierako edizioetako batean: «1990 inguru horretan zen. Aldapa gora korrika egitea tokatu zitzaidan, San Anton gainaraino, eta kostatu zitzaidan ailegatzea. Mordoxka bat baginen korrikan».

Berastegi izango da Korrikaren ibilbideko Gipuzkoako lehen herria. Martxoaren 21ean sartuko da, Leitza aldetik, eta herrigunetik goizeko seiak inguruan pasako da.

Maite Amundarian aurtengo edizioko Berastegiko batzordean dago: «Hemezortzi urte daramatzat herrian bizitzen eta nik ez dut Korrika bizitu oraindik hemen. Hainbeste urte hemendik pasa ez dela kontuan hartuta, ilusio handiz ari gara prestatzen».

Aurten Gazte Festak izango dira asteburu horretan eta espero dute festan dabilen gazte jendea animatuko dela parte hartzera. «Gazte Festen egitarauan ere sartuko dute Korrika, eta behin pasa ondoren, gosaria prestatuko dugu, denok elkarrekin gosaltzeko».

Elixabet Azpiroz da aurtengo batzordeko beste kideetako bat. Hainbat ekimen burutzen ari dira herrian: «Hitz egin dugu elkarteekin, komertzioekin, eta aurreko ostiralean egin genuen aurkezpena, materiala salgai jarriz, dokumentala ikusiz...». Korrika Txikia ere antolatuko dute eskolatik; herrigunean egingo dute, martxoaren 18an. Ikusita nahiko goiz pasatzen dela Korrika, Korrika Txikia egitea pentsatu dute, eskolako haur guztiek parte hartu ahal izateko.

Korrika «gauza handi bat» dela dio Amundarinek. «Euskal Herriko txoko guztietatik pasatzen den egitasmo bat da, eta azkenean euskarari bultzada bat ematea da. Mezuak dioen moduan, auzolanean eta elkarlanean bultzada eman behar diogu». «Korrika egiten jarraitu egin behar dugu», esan du Etxeberriak. «Aldarrikatu behar dugu euskaldunak garela eta euskararen alde egin behar dugula», dio Azpirozek, eta Etxeberriak gaineratu: «Guk uzten badugu, inork ez digu lagunduko kanpotik».

Korrika 9ko irudia, 1995ean, Tolosatik Albiztur bidean.

 

Lekukoarekin, bi aldiz

Orain 20 urte pasa zen azkeneko aldiz Bidania-Goiatzetik Korrika, 9. edizioa zenean. Eneko Belokik bi aldiz eraman du lekukoa. Lehenengo aldiz eskolaren ordezkari moduan eraman zuen, hamar urte zituela, orain 26 urte. «Zaharrenetakoa ni nintzen eta komentatu zidaten ea eramango nuen lekukoa, eta nik baietz; imajinatu zer-nolako ilusioa hamar urteko haur batentzat, domina bat-edo irabazi izan banu bezala». Kontseju aurretik Trintxerara joan zela du gogoan eta nola txandaka eraman zuen beste herriko batekin.

Aurrerago, beste norabide batean eraman zuen Belokik, orduan herria ordezkatuz. «Bidanian hartu eta Arizkonabietako zubia esaten dioguneraino, Albizturko bidegurutzeraino. Han Beizamakoek beste kilometro bat egin zuten. Goizean izan zen. Korrikarena amaitu eta gero autobusa hartu eta eskolara joan ginen». Bigarren horretan gogoan du poza ere berdina zela, baina kontzienteagoa zela euskararen aldeko egitasmo batean parte hartzen ari zela.

Gogoan du Belokik lehenengo aldian jende askok parte hartu zuela, arratsaldea baitzen. «Jendea ere bazegoen begira. Bigarrengo aldian, baina, nahiko goiz zen, goizeko zazpiak inguru, eta jende gutxi aritu ginen». Aurtengoan martxoaren 22an sartuko da, Errezil aldetik, eta herrigunetik 22:00ak aldera pasako da. Bertan parte hartzeko asmoa du ere Belokik.

Herrian sortutako batzordean ez dago, baina badaki udala, guraso, gazte eta eragile asko daudela bertan parte hartzen. Batzorde horrek, besteak beste, mus txapelketa antolatu du biharko, Goiazko Dendale tabernan, Korrikarentzako dirua biltzeko asmoz. «Mus txapelketan parte hartzera, eta noski, herritik Korrika pasatzen denean ere bertan parte hartzera» animatu die Belokik herritar guztiei.

 

Mus txapelketa Bidania-Goiatzen

Eguna. Martxoak 7, larunbata.

Lekua. Goiazko Dendale tabernan.

Izen ematea. 15:30etik 16:00etara bitartean, Goiazko frontoian. 20 euro bikote bakoitzeko.

Jokoa. Lau erregetara, bost hamarrekotara eta hiru usteletara. Antolatzaileen erabakiak eztabaidaezinak izango dira.

Sariak. Lehenengoentzat, otar eder bana, eta bigarrenei ardo estutxe bana.



Erlazionatuak

Korrikak ez du etenik

Ataria 2015 mar 23

Zerkausia, euskararen eta kulturaren lapiko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mar 19 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!