Eta furgoneta gerturatu ahala aurtengo doinuek eta jendearen grinak bat egiten dutenean eragotzi ezineko malkoak irrist egin eta goizean goizeko makarra urtuko digu, bide batez. Nola azaldu Korrikak sortzen digun emozioa, indarra, poza... Ederra eta handia den zerbaiten parte sentituko gara, euskaldun izateaz harro sentituko gara.
Euskahaldun da aurtengoa leloa, ahalduntzea, boteretzea, norberaren gaitasunetan sinestea iradokitzen duena, feminismotik hartutako kontzeptua. Nahi izatetik ahal izatera igarotzea, egoera eragitera, eraldatzera pasatzea. Eta oso egokia iruditu zait, euskalgintzak eta feminismoak parekotasun handiak dituztela pentsatzeaz gain, euskaldunon ahalduntzea edo boteretzea beharrezkoa ikusten dudalako. Maiz gertatzen zaigu euskaldunoi lagun taldea elkartu eta nahikoa izaten dela batek euskaraz ez jakitea guztiok erdarara pasatzeko. Honen harira eta ahalduntzearen ikuspegitik oso interesgarriak iruditu zaizkit Amets Arzallusen hitzok: «Luzera begira kaltegarria iruditzen zait erdaraz dakien orori ateak ixtea, euskararen esparrura ez sartzera kondenatzen dugulako». Txikitasunetik eta barkamenetik baino gure ahalmenen sinesgarritasunetik egin behar dugula aurrera iruditzen zait. Gutxietsia dagoenari balioa eman eta parekotasunean kokatu. Hori da feminismoak egiten duen proposamena eta, hain zuzen, feminismoa indartsu, gihartsu eta ilusioa sortzeko gaitasunarekin ikusten dudan garaiotan euskalgintzari ekarpen garrantzitsua egin dakiokeela uste dut. Euskalgintzaren mezua zertxobait galdua ikusten dudan honetan euskara despolitizatu beharra, erakargarri egitea, bezalako ideiak nagusitzen dira, arazoa euskara berak balu bezala. Feminismoak ahalduntze pertsonaletik proiektu askatzaile baten parte izatea eman digun lez, euskaldunok ere antzeko ildoan kokatu beharko genukeela uste dut. Lorea Agirrek dio emakume izatea eta hiztun minorizatua izatea egoera paretsuak direla, hegemoniatik kanpo, periferian kokatzen direlako, hizkuntzaren eta generoaren botere harremanetan biak. Eta periferiatik erdigunera salto egitea, boteretzea, beharrezkoa dute biek. Justizia sozial kontua ere badelako. Ez da nire problema, ez da gure problema, jendarte osoarena baizik. Demokrazia gutxi edukitzearen ondoriozko arazoa da guztioi eskubide berdinak ez bermatzea. Jabetu gaitezen beraz, eta ahaldundu, boteretu gaitezen indibidualki baina modu kolektiboan.
Aurtengo Korrikan pixka bat gehiago ahaldundu eta boteretuko gara euskaldunok. Aiora Zulaikak dion bezala, ahultasunetik ez, ahaltasunetik, euskahuldun sentitzetik euskahaldun izatera pasako gara. Gora Korrika!