Ilustrazioak, espetxea eraisteko

Jon Miranda Labaien 2024ko api. 22a, 11:59
Iraitz eta Izaro Lizarraga, joan den astean, Zizurkilen, argitaratu berri duten 'Zenbat lo' lana mahai gainean dutela.

Iraitz eta Izaro Lizarragak Nekane Txapartegi iheslari ohiaren bizipenetan oinarritutako Zenbat lo album ilustratua sortu dute. Euskarazko eta alemanezko bertsioak izango ditu.

Artikulu hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da.

Kezka batetik abiatuta ondu dute Zenbat lo album ilustratua Iraitz Lizarraga Gomez (Zizurkil, 1979) eta Izaro Lizarraga Galdos (Zizurkil, 1980) lehengusuek: «Gertuko memoriari ikuspuntu feministatik» heldu nahi izan diote, hurrengo belaunaldiei «Euskal Herrian azken urteotan gertatutakoa transmititzeko beharrak» bultzatuta. Lanak Nekane Txapartegi Nieve (Asteasu, 1973) euskal iheslari ohiaren bizipena du abiapuntu. Izarok azaldu du aspaldiko laguna dutela Txapartegi. «Haur batek kartzelarekin eta preso duen amarekin duen harremana kontatzen du liburuak. Nekaneren eta haren alabaren historia oinarri hartuta osatu dugu; haiena da kontatzen dugun bizipena, baina beste hainbat harreman ere senti daitezke islatuta lanean». Kartzelak dakarren inkomunikazio saiakera gainditzeko ahalegina, alabak senti dezakeen abandonuaren sentipenari aurre egitea edota espetxeak gizartean duen estigma borrokatzea; horiek dira, besteak beste, album ilustratuan landu dituzten gaiak. Txalaparta etxeak argitaratu du Zenbat lo.

Txapartegi 2016ko apirilean atxilotu zuten, Zurichen (Suitza), 7 urteko alaba eskolara zeramanean. Urte eta erdi bat egin zuen espetxean, alabarengandik bananduta. Iraitz eta Izaro Lizarragak ondutako lana alabak eta biek bizi izandakoari «aitortza» egiten diola dio Txapartegik. «Espetxe politika ankerra saiatu zen dispertsioarekin, isolamenduarekin eta ahal zituen oztopo guztiekin nire alabarekin eta kalearekin nuen harremana eteten. Ez zuen lortu, ordea; ez genion utzi». «Imajinazioz, maitasunez eta emozioz betetako» gutun eta marrazkiak izan ziren alabaren eta Txapartegiren arteko lotura. «Bizitako min eta erresistentzia horiei hitzak eta marrazkiak jarri izana, niretzat, kartzelaren, dispertsioaren eta isolamenduaren aurkako borroka kolektiboari aitortza egitea da», esan du Txapartegik. Suitzan bizi da egun, alabarekin, eta handik jarraitu du Lizarragatarren sormen prozesua. «Hain nireak diren bizipen horiei zer hitz jarri, nola marraztu? Urte hauetan gure alabaren eta bion alboan izan dira Izaro eta Iraitz, eta gure bizipenak ulertzen zituzten. Gainera, proiektuaren parte izateak konfiantza eman dit gure bizipenak liburuan zintzoki kontatuko zituztela sentitzeko».

Iraitzek esan du «ohituta» dagoela lehengusuarekin lan egitera. «Album ilustratuaren formatua ondo datorkigu bioi, guk horrela egiten dugulako lan. Liburua eraikitzen joaten da: batzuetan, irudiak niri zerbait iradokitzen dit, eta hurrena, hitz batetik etorriko zaio irudia Izarori. Marrazkirik gabe testuak ez du zentzurik, ezta marrazkiak testurik gabe ere; bien arteko oreka bilatzean dago gakoa». Hasierako testua soildu, eta hizkuntza poetikoago batekin, metafora eta irudi batzuen inguruan osatu du narrazioa Iraitzek. Izarok, berriz, narrazioak sortutako irudiak ilustratu ditu lanerako. «Metaforiko-poetikoak dira irudiak, narratiba bisuala da; marrazkietan badago zerbait testuetan agertzen ez dena, eta kontakizuna irudiak ikusiz jarrai daiteke».

Lana ontzeko laguntza izan dute bi sortzaileek. Izan ere, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera Biko-Teka beka antolatzen du urtero, biek 2022an parte hartu zuten, eta beka horrek ahalbidetu die Zenbat lo album ilustratua gauzatzea. Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen aholkularitza jaso zuten lanari ekin aurretik, eta «oso eskertuta» agertu dira horregatik. Lana gauzatzea erraza izan zaiela esan dute egileek. «Harreman gertukoa eta oso erosoa» izan dute Txalaparta etxearekin.

Izarok zehaztu du berrogei orri inguruko albuma dela Zenbat lo, eta gogorra duela azala: «Iruditzen zitzaigun berez irudiek badutela pisu bisual handia, eta liburuak behar zuela pisu fisikoa, nolabaiteko planta. Liburuak arte objektu bezala balioa izan dezan nahi genuen».

Bi hizkuntzatan

Albumak bi bertsio izango ditu: euskarazkoa eta alemanezkoa. Wienviel Mal schlafen du izena alemaneko bertsioak, eta Garazi Ugaldek eta Lena Pritchardek egin dute itzulpena. Txapartegik Suitzatik aldaketak proposatzen zizkien itzultzaileei, eta uste du «lan polita» egin dutela, bere ustez, ez baita «erraza» testu poetiko bat itzultzea. «Beharrezko zitzaigun Suitzako errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzea eta hemengo hizkuntza esamoldeak erabiltzea, gu denon historia dela sentitzeko».

8 urtetik gorako umeentzako Axuri beltza bilduman kaleratu dute albuma, nahiz eta egileen ustetan adin guztietako pertsonentzat egindako lan bat den. Nolanahi ere, gehienbat haurrentzat idatzi dutela azaldu du Iraitzek: «Transmisioa egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, horren gainean eraikita gaude eta hori gara gu, gustatu edo ez. Umeei ere errealitatearen zati hori ezkutatzeak ez garamatza inora».

Memoria ariketa kolektibotzat eta ekarpen feministatzat du liburua Txapartegik, eta, hain zuzen ere, Iraitzek jakinarazi du horixe zutela helburu, «gertuko memoria moretzeko ardura» sentitzen baitzuten: «Gure herriaren gatazkan eta historian, emakumeon borrokek eta minek ez dute lekurik eduki memorian, ez direlako liburuetan islatu. Album hau hutsune horren zatitxo bat betetzeko asmotan egin dugu. Eguneroko erresistentzia feminista literaturara ekarriz, elkar trukerako guneak ireki nahi ditugu».

Liburuaren aitzakian, egileek gaiaren inguruko eztabaida irekitzeko asmoa dute, bai Euskal Herrian, bai Suitzan. Bihar egingo dute liburuaren aurkezpena, Asteasuko udaletxeko ikus-entzunezko aretoan, 19:00etan. Zizurkilgo liburutegian ere aurkeztuko dute lana, ostegunean 18:00etan. Maiatzaren 31n, Lora irratian aurkeztuko dute, zuzeneko elkarrizketa eta irakurketa baten bitartez. Zurichen ere jarriko dute salgai liburua, maiatzaren 1eko ekitaldietan. Data horietatik aurrera, mugimendu feministetan, liburu dendetan eta kultura jaialdietan egingo dituzte aurkezpenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!