200 kirolari inguru izango dira Zizurkilgo III. Duatloian

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 18a, 07:57

Zizurkilgo III. Duatloia egingo da larunbat arratsaldean, Danena Kirol Elkarteak antolatuta. Emakumezkoak 16:15ean aterako dira Joxe Arregi plazatik eta gizonezkoak 16:30ean.

Aurtengoan, bigarren urtez, federatuek eta federatu gabeek parte hartuko dute. Eñaut Galarraga antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, «lehenengo urtean federatuta zeuden kirolariei bakarrik eman genien aukera, eta aurreko urtean, proba herrikoia bultzatu asmoz, federatuta ez daudenei ere parte hartzeko aukera eman genien. Aurten, ideia horrekin jarraitu dugu».

Denera 200 parte hartzaile inguru izango dira eta horietatik 40 inguru emakumezkoak direla nabarmendu du Galarragak: «Gustura gaude jende askok izena eman duelako, eta baita emakumezkoak asko direlako ere».

Proban bi sailkapen egiten dira, federatuen artekoa eta federatu gabekoen artekoa, eta bakoitzean emakumezkoen eta gizonezkoen sailkapena izango da. Lehen hirurak sarituko dira. Horretaz gain, lehen herritarra ere sarituko dute antolatzaileek. Bestalde, Gipuzkoako Txapelketa dago jokoan, eta hor ere beste sailkapen bat izango da. Azkenik, Zizurkilgo Duatloia Euskadiko Zirkuituaren barruan dagoenez, bertako sailkapenerako puntuak pilatuko dituzte lehen sailkatuek.

Esprint distantzian jokatzen da duatloia Zizurkilen, hau da, parte hartzaileek 5 kilometro korrika egingo dituzte —ibilbideari bi itzuli eginez—, ondoren bizikletarekin 20 kilometro —zirkuituari bi itzuli emanez— eta bukatzeko 2,5 kilometro korrika. «Hainbat modalitate daude bai duatloian zein triatloian, eta hasieratik pentsatu genuen esprint modalitatea aukeratzea. Horrela, errazago animatuko zelako jendea parte hartzera, eta gure herriari ondoen egokitzen den distantzia dela iruditzen zaigulako», esan du Galarragak.

Korrikako zein bizikletako ibilbideak hasieratik berberak dira. «Parte hartzaileak ibilbideekin gustura daudela esan izan digute, eta horrela mantentzea pentsatu dugu. Lehen urtetik aldatu genuena, korrikako zatitik bizikletako zatira aldaketa egiteko gunea plazatik Danena futbol zelaira lekualdatzea izan zen, eta hori aurtengoan ere mantendu egin dugu». Korrikako itzuliak Joxe Arregi plazatik atera eta segidan Fraisoro aldera egiten du, aldapa gora, ondoren jaitsiera egin eta trenbide azpitik pasa ondoren Elbarrena auzotik igarotzen da. Bizikletakoari dagokionez, Adunara joaten dira parte hartzaileak, ondoren Zizurkilgo Herrigunera eta handik hasierako puntura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!