Eskolarentzat izen berria aukeratzeko prozesua abiatu dute

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 26a, 11:59
Ezkerrean Igotz Alkorta gurasoa eta eskuinean Maitane Telletxea San Millan eskolako zuzendaria.

Eskola publiko baterako San Millan izena egokia ez dela iritzita hasi dute lanketa eta maiatzean proposamenak bildu eta gero, ekainean eramango dituzte izenak bozketara.

Zizurkilgo Herriguneko herri eskola, eskola txiki, publiko, laiko eta euskalduna da. Ezaugarri horietako bakar bat ere ez du betetzen San Millan izenak, eta gurasoen ekimenez, eskolari izena aldatzeko prozesua abiatu dute. Eskola barruan egin dute lanketa orain arte, herrira zabaldu eta gaia gizarteratzeko lanean aritu dira azken asteotan, eta ikasturtea amaitu baino lehen erabaki nahi dute izen berria.

Bi guraso eta irakasle batez osatutako batzordea aritu da hilabeteotan prozesua abiarazten. Eskolako ikasle ohi eta gaur egun guraso den Igotz Alkortak esan du aspalditik, «eta modu informalean», hitz egin izan dutela Zizurkilen eskolaren izen aldaketaz, baina aurtengo ikasturte hasierara arte, ez dutela gaia planteatzeko pausoa eman. Ikasturte hasieran guraso bileran bildutako oniritziarekin eskolako zuzendaritzara jo zuten eskaera egiteko. Maitane Telletxea San Millan eskolako zuzendaria da: «Klaustrokideekin komentatu nuen eta inork ez zuen eragozpenik jarri, beraz, gaia eskolako organo gorenera eramatera erabaki genuen. Han ere oniritzia eman zitzaion aldaketari eta prozesuari hasiera azaro inguruan eman genion».

Halaxe sortu zuten prozesua gidatzeko batzordea Alkortak berak, Jone Larrañaga gurasoak eta Miren Pastor irakasleak. Ezertan hasi aurretik, «kontraste» lan bat egin nahi izan zuten, gai honekin adostasunak bilatu eta balizko gatazkak ekiditeko. Urte askoan eskolan irakasle izan eta arrasto nabarmena utzitako Elena Laiz irakasle ohiarekin, Hernandorena kultur elkartearekin eta eliz komunitateko taldearekin hitz egin zuten. Begi onez ikusi zuten haiek ere izena aldatzearena eta berme horrekin abiatu zuten lanketa San Millan eskolan bertan.

Orain arteko izenak beste izan bati erantzuten diola uste dutelako abiatu dute prozesua gurasoek. XX. mende hasieran, herriko patroiaren, eta era berean, San Millan eliza eta dorretxearen izena jarri zitzaion eskolari, «garaiko eskola kristau, erdaldun eta hertsiari ondo zegokion izena». Osagai erlijiosoaz gainera, ia feudalismo garaira garamatzan izena dela uste du Alkortak. «Gatazka egon da historikoki bertako jauntxoen eta herriaren artean, eta horregatik dago, adibidez, udaletxea dorretxeari bizkarra emanda». Batzordeko kideek garbi utzi dute, hala ere, kontua ez dela historia ukatzea ezta aldatzea ere. «112 urtean, San Millan izan da, eta orain eskola denari egokiagoa den izen baten aukeraketa defendatzen dugu», esan du Alkortak.

Prozesu guztia eskolan dabiltzan 53 ikasleekin partekatu nahi izan dute eta haiek hartu dute protagonismoa azken hilabeteetan. Otsail bukaeran Zizurkilgo Herriguneko eskolan ibilitako ikasleen arteko saioa egin zuten eta Hernandorena elkarteko Joxin Azkuerekin herriko pertsonaia historikoen eta toponimiaren inguruko beste bat ere egin zuten martxo hasieran. «Jolasen bitartez galdetu diegu zergatik duten haien aitona-amonek Joxe Mari, Luis Mari eta Maria Luisa izena, eta zergatik diren beraiek Xune, Kimetz edota Xanet. Berehala konturatu dira garaiak zenbat aldatu diren eta nola egokitu diren izenak garai berrietara», esan du Alkortak.

Erabateko inplikazioa agertu dute ikasleek eta haiek arduratu dira, adibidez, martxoaren 14ko herri batzarrerako deialdiko kartela egiteaz. Herri batzar horretan orain arte prozesuaren barruan emandako pausoak eta aurrera begirakoak iragarri zituzten. Aste Santuko oporren ostean zehaztuko dituzte, azken hiruhilekoan, «fase erabakigarrian» egin beharrekoak. «Izen proposamenak biltzea izango da lehenengo urratsa eta ikusiko dugu nola egin, baina toki batean baino gehiagotan egiteko aukera eman nahi genuke». Maiatzean zehar proposamenen bilketa egin ondoren, izen gutxi batzuk aukeratu eta ekainean bozketa txanda zabalduko dute. «Gure ikas-komunitateari eta parte hartu nahi duen guztiari zabalduko diogu aukera», esan du Telletxeak.

Ikasturtea izen berria aukeratuta bukatuko dute eta datorrenean egingo dituzte tramite administratibo guztiak. «Gure asmoa da, 2025-2026 ikasturtea ofizialki izen berriarekin abiatzea eta 2026ko ekainean antolatuko dugun Eskola Txikien Festaren aurre prestaketa guztia baliatzea, izen berria ezagutzera emateko».

Berriki, Alegiako eskolan antzeko lanketa egin dute eta erreferentziatzat hartu dute zizurkildarrek. Zizurkildarrak prozesua abiatu dutenean jabetu dira eskualdean santu izena daraman azken eskola dela eurena. San Millan gainera, gerora erdaldundutako jatorrizko Donemiliaga izena da. Honenbestez, batzordeko kideek eskolari izen berria jartzeko prozesuan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!