Elkarrizketa

«Lehenengo txapela izan da eta espero dut azkena ez izatea»

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 18a, 19:59
Itxaso Erasun, bigarrena ezkerretik, sari banaketan. MASTER LABORAL KUTXA

Master Laboral Kutxako binakako txapela jantzi du lehendabizikoz Itxaso Erasunek (Zizurkil, 1999). Olatz Arrizabalagarekin batera 22-16 irabazi dio Madalen Etxegarai eta Enara Gaminde bikoari, Arrasateko Uarkape frontoian.

Nola bizitu zenuen txapela janzteko une hori?

Txapel oso berezia da niretzat. Lehenengoa izan da, eta espero dut azkena ez izatea. Final oso gogorra izan zen, asko sufritua, beraz txapelaren zaporea oraindik eta gozoagoa izan da. Partida gogor baten ondoren, tentsio handikoa, horrenbesteko erantzuna izan zuen final batean, jende asko izan baitzen ikusten, azkenean txapela etxera ekartzea lortu genuen, eta oso pozik nago.

Partidan 13-15 galtzen joan zineten. Buelta emateko fedea izan zenuten, ordea.

Hasieratik genekien partida boladaka joango zela, eta hasieratik ere ikusi zen oso orekatua izango zela. Atzean kargatu zuten bai Enarak eta baita Madalenek, eta ni konfiantza gutxirekin hasi nintzen, baina erdi partean sendotasun gehiago erakusten hasi nintzen eta nire buruarekiko konfiantza gehiago. 13-15eko inguru horretan oso tanto erabakigarriak eta gogorrak jokatu ziren, pilotakada askokoak, eta hor fisikoki asko gutxitu ginen denak, baina aurkariak gu baino pixka bat gehiago. Hor eman genion buelta partidari eta 13-15 galtzetik 22-16 irabaztea lortu genuen, beraz, gure alde erori ziren tanto gehienak. 

Lehen partean nola ikusi zenuen zure burua?

Urduri nengoen, aurkariak oso fresko zeuden eta pilota oso bizi ateratzen zen. Atzeko koadroetan pisu gehiago hartzen zuen pilotak eta nahiz eta ni fresko egon, beraien indarrak niregan eragin zuzenagoa zeukan. Denbora pasa ahala eta partida gogortzen zihoan heinean, azkenean niregana iristen ziren pilotak errazagoak ziren, ni partidan sartuago nengoen eta nire 
erantzunak hobeak izaten hasi ziren.  

Olatz Arrizabalagak egindako lana ere aipatu beharko da.

Olatzek oso ondo jokatu zuen, burutsu. Hasieran oso aukera gutxi izan zituen errematatzeko, pilota denak gainetik pasatzen zitzaizkiolako, baina pixkana, pilotak aukeratuz-eta, bere bizitasuna sartzen joan zen, eta emaitzetan ikusten da: egindako hamar tanto izan zituen, modu guztietakoak. 

Txapela zeini eskaintzen diozu?

Amona Iñaxiri eskaini nion txapela eta baita Ane Sarasola lehengusinari ere. Nire aldamenean egon dira bai momentu txarretan eta baita momentu onetan ere, eta beti babestu eta nire buruarengan sinesten laguntzen didate. 

Aurrera begira zer asmo duzu? Txapelketa gehiago izango dituzu aurki?

Orain udako denboraldian sartzen gara eta txapelketa asko datoz. Alde batetik selekzioen artekoa dugu, hau da, Grabni izenekoa; gero Gipuzkoako Lau eta Erdiko Txapelketa etorriko da, ondoren Nafarroako Txapelketa eta beste hainbeste ere iritsiko dira. 

Lortutako txapelak indar gehiago emango dizu txapelketa horietarako?

Laguntzen du zure buruarengan konfiantza izaten, sinesten posible duzula onenen artean egon eta txapel bat janztea. Beraz, uste dut txapel honek puntu gehigarri bat emango didala eta ea datozen txapelketak ahalik eta ondoen ateratzen diren. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!